Garraitz irla natura erreserba izendatzeko eskatu du Atabaka Kultur Elkarteak
Txakurren sarbidea, dronen erabilera eta pertsonen irisgarritasuna erregulatzeko neurriak ere hartu nahi dituzte. Udalak egoera "sakon" aztertu behar duela azaldu dute Atabakako kideek.
Lekeitioko Atabaka Kultur Elkarteko kideek Garraitz irla natura erreserba izendatzeko eskaera egin zuten udaletxean joan den martxoaren 8an, bertan dagoen biodibertsitate aberastasun “izugarria” dela-eta.
Eskaera egiteko arrazoiak mahaigaineratu zizkieten udaleko ordezkariei: “Uhartea gero eta jende gehiagok bisitatzen du, bertako paisaia bereziak eta parke arkeologikoak sortzen duten interesagatik”. Jarduera hori “osasungarria” den arren, uhartea “gaizki” erabiltzeak sortu ditzakeen ondorioetatik “babestu” egin behar dela azpimarratu dute: “Bereziki hegazti jakin batzuen kumaldia dela-eta sentikorrak diren datetan; hala nola, belatz handia Falco peregrinus eta beste espezie batzuk”.
Era berean, beste hainbat puntu erregulatzen saiatzen ari dira, esaterako, txakurren sarbidea uhartera, dronen erabilera eta pertsonen irisgarritasuna gune sentikorretara. Hala, udalak egoera “sakon” aztertu behar duela erantzun du.
Bisita gidatuak, martxan. Bestalde, Atabakak uharteko kultur jarduerak finantzatzeko erabiltzen duen San Juan Talako txiringitoa martxan ipintzeko baimena berritu du udalak. Horren bidez finanatzatzen dute elkarteko kideek Aranzadigaz batera egiten dituzten indusketa lanak, eta baita uztailean eta abuztuan egiten dituzten doako bisita gidatuak ere; aurten ere, bata zein beste, aurrera eroango dituzten ekintzak izango dira.