Giro "ederrean" ospatu dute II. Xiri Eguna
Bigarren aldiz ospatu dute Xiri Eguna Mutrikun, Mutrikuko Rock Kolektiboaren eskutik eta "oso pozik" agertu dira antolatzaileak herrian izandako harrerarekin.
Zapatuan [ekainak 22] ospatu zuten II. Xiri Eguna Mutrikun, egun guztiko egitarauarekin. Xiri Andonegi Egurbide mutrikuar eskultore eta margolariak Atxukale kalean egindako obra biziberritu eta guneari erabilera eman eta indarberritzea izan ziren helburuak. Mutrikuko Rock Kolektiboko antolatzaileek balorazio “oso” positiboa egin dute eta herriak izandako erantzuna “bikaina” izan dela azpimarratu dute.
Goizeko 11:00etan eman zioten hasiera egunari, sortzaileen azokarekin eta 13:00etan The Grace Of Dionysus taldearen kontzertuarekin girotu zuten Xiri Gunea, “jende mordoa ibili zen azokan eta giro polita sortu zen Xiri gunean, azoka eta kontzertua uztartuta”. Adin guztiei zuzendutako eguna izan zen, izan ere, hiru gunetan banatu zuten Atxukaleko txokoa, “alde batetik, parkea edo zelaiko gunea zegoen eta bertan pila bat ume ibili ziren erraldoiekin eta buruhandiekin jolasean. Kontzertuen gunea zen bigarrena, barra eta guzti eta hirugarrenean, azoka jarri genuen”. Azokaz gain, Nextor Otaño, Nexgraff, muralgilea egon zen bertan, egun osoan zehar margolana egiten.
Nahiz eta goizean zehar euri apur bat egin, azkenean, eguraldia lagun izanik, arratsaldeko kontzertua ere giro “ederrean” igaro zuten, “Gailu taldearen kontzertua izan genuen 18:30ean eta ondoren, Gaueko pertsonaia mitologikoa etorri zen gunera, umeek idatzita zeukaten mezu txarrak hartzera”. Madalen auzoan antolatutako Akelarre eguna aprobetxatu zuten bi jaiak uztartzeko eta bertatik etorri zen Gaueko pertsonaia mitologikoa, danbor hotsean. Xiri gune hustu eta Mutrikuko Musika Bandaren txarangarekin batera, kalejiran joan ziren haur zein heldu, gaztetxera arte. “Gaztetxean Elepunto DJa egon zen, Jai Batzordearen eskutik, jaietarako dirua ateratzeko helburuarekin”.
Datorren urtera begira jarri dira antolatzaileak eta helburua berdina izaten jarraitzen du: Xiri gunea eta eguna bera indartzea. “Egun finkorik ez daukagu baina ekainaren erdialdean izango da. Herriko eragile desberdinekin lanean jarraituko dugu Xiri Eguna antolatzen jarraitzeko eta parte hartu nahi duen oro, eskuzabalik hartuko dugu”, nabarmendu dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek.