Ondarroak ETE liga abiatu du
Astilleron eta Pasai Donibanen lehiatu ditu, iragan asteburuan, lehen bi estropadak. Ondarrutarrek zazpigarren postu bi poltsikoratu dituzte.
Kantabrian eta Gipuzkoan abiatu dira asteburuan, KAE1, KAE2 eta ETE ligak. Udako hitzordu handiak ate joka daude, eta, hain zuzen ere, datorren asteburuan aipatutako liga horiek jarraipena edukiko dute. Ez hori bakarrik: Eusko Label eta Eusko Tren ligak ere hasiko dira, A Coruña eta Bueuko galiziar uretan. Iragan asteburuan, ETE Ligako estropadetan, Ondarroa AEk zazpigarren postu bi eskuratu zituen, hala zapatuko [ekainak 22] Guarnizoko III. Banderan, nola domekako [ekainak 23] XI. Pasaiako Ikurriñan.
Astilleron, Zumaia (11.09,49) nagusitu zen, Astillero ozta-ozta gaindituta (11.10,18); Kaiku Nortegas hirugarrena izan zen, 11.15,77koagaz. Pasai Donibanen, lehen hirurak postu berberean helmugaratu ziren: Zumaia garaileak 11.46,39an gelditu zuen erlojua; Astillerok, 11.47,08an; Kaiku Nortegasek, berriz, 11.54,40an. Ondarrutar eskifaiak 11.42, 28ko denboran amaitu zituen lanak Astilleron, eta 12.39,20koagaz, ostera, Pasai Donibanen.
Datorren asteburuan, berriro hitzordu bikoitza edukiko dute ondarrutarrek: Donibane Lohizunen eta Zumaian
Datorren zapatuan [ekainak 29], Lapurdiraino iritsiko da ETE Liga: Donibane Lohizune-Ziburuko 32. Ikurriña lehiatuko dute, 12:00etan. Ondarroa 4 puntu lortuta abiatuko da Ipar Euskal Herriko uretara. Domekan [ekainak 30], aldiz, Gipuzkoara itzuliko dira, Zumaiara, Zumaiako XII. Ikurriña jokatzeko; 11:00etan hasiko dira arraunean.