Errekorrak haustera dator XVI. San Miguel Rallysprinta
72 autok eman dute izena, horietatik, 30 izango dira emakumezkoak: Euskal Herriko errekorra hautsi dute. Zapatuan [ekainak 29] 15:00etan irtengo da lehenengo autoa, Etxebarritik.
Prest daude autoak, prest daude pilotuak eta prest, kopilotuak ere. Zapatuan [ekainak 29] 72 auto irtengo dira Etxebarriatik, San Miguel gaina igo eta jaisteko. Izan ere, Eme automobilismo kirol klubak 2016tik egin gabe egon den San Miguel Rallysprinta antolatu du berriro ere. Ibilbidea ohikoa izango den arren, berrikuntza askorekin dator antolatzaile taldea.
Taldea bera da, hain zuzen ere, berrikuntza handienetarikoa. Eme eskuderiako Oihane Uranga eta Alazne Apalantza kideek azaldu dute 2022an elkartutako emakume talde bati tiraka heldu direla gaur egun dauden tokira: “2022. urte amaieran Automobilismo Federazioak deitutako bilera batean emakume talde bat elkartu eta gure presentzia kirol honetan ikusarazteko zerbait egitea pentsatu genuen”. 2023a datu bilketak egin eta euren Instagram kontuan (emakumeakautomobilismoan) zabaltzen hasi zuten, iazko udaberrian berriro ere federazioarekin elkartu eta lasterketa bat antolatzea proposatu zieten arte. Hala, Uranga markina-xemeindarra izanik, San Miguel egitea proposatu zuen, eta ondo ikusi zuten taldekideek: “San Migueleko ibilbidea Kastinparrokoek erabili izan dute Lea-Artibai Rallyan, baina ibilbidea bera tarte huts bezala rallysprint moduan galduta dago”.
Hori horrela, “erronka” moduan hartu zuten rallysprinta antolatzea: “Talde sortu berria izanik, errazagoa zen aurretik erabilitako tarte batean lanean hastea, eta ez zerotik. Gainera, babesa izango genuela jakiteak ere bultzatu zigun aurrera egiteko. Ilusioz heldu diogu”. Erabakia hartu eta lanean hasi orduko, Kastinparrokoen laguntza ere jaso dute: “Ordu asko suposatzen du honek, eta zortez, Kastinparrokoek lagundu digute. Eurei esker asko erraztu da bidea, babes handia eduki dugu”.
Hiru erlojupeko tarte egongo dira: lehenengoa 15:00etan hasiko da.
Inguruko rally zaleen artean, gainera, “ilusioa piztu” dutela-eta, “pozik” daude Emekoak: “Indarra ematen digu horrek. Eskualdeko askok gaztetan edo umetan ikusi duten lasterketa da, batzuk parte hartuta, beste batzuk ikusle moduan, debutak ere egongo dira, bada autoa espreski lasterketarako alokatu duenik ere… Guretzako betegarria da hori”.
Beraz, ilusioa inguruko rally zaleengan ez ezik, parte hartzaileengan ere piztu dute, eta horren emaitza dira izena eman duten 72 autoak. 10:00etatik 12:30era egiaztapenak egingo dituzte Etxebarrian, eta 13:30erako errepidea moztuko dute. Lasterketa ikustera sartzeko 10 euro ordaindu beharko da; hala, lehen partaidea 15:00etan irtengo da. Azaldu dutenez, San Miguel igo eta jaitsi ostean Elgoibarko plazara jaitsiko dira autoak, eta han, berrikuntza moduan, bilgune bat egingo dute. 15 minutu inguruko egonaldiaren ostean, berriro ere Etxebarrira itzuli, eta bigarren itzuliari ekingo diete 16:55 ingurutik hasita; bigarren itzulian ere, Elgoibarren geldialdia egingo dute autoek. Hirugarren eta azken itzulia 18:50 inguruan hasiko da, eta azken itzuli horretan autoak ez dira Elgoibarren geldituko.
Hiru erlojupeko tarteen ostean, lehenengo autoa 19:30 inguruan heltzea espero dute antolatzaileek. Sari banaketara arteko tartea alaitzeko elektrotxaranga egongo da, eta 21:00etan jakinaraziko dituzte irabazleak. Lasterketaz gain, asistentzia gunean umeentzako kartinga (doan), txosna eta euren produktuen salmenta puntua ipiniko dituzte. Bestalde, Txus Jaiorekin eta Monika Muñozekin kopiloto irteteko zozketa solidarioa egin zuten, eta hortik lortutako diruaren erdia, 2.220 euro hain zuzen ere, Iñurri elkartearentzako izango da.
Emakumeak ikusaraziz. Helburu argi bategaz antolatu dute San Miguel Rallysprinta: “Alde batetik, kirol honetan emakumeek duten presentzia indartu nahi genuen. Bestalde, antolakuntzan ere lan egin nahi genuen, eta neskei asistentziara hurbiltzera, edo parte hartzera animatzera bultzatu nahi izan diegu”. Izan ere, Urangaren eta Apalantzaren esanetan, “arazoa ekonomikoa” da: “Gure sentsazioa ez da zapalduta gaudela, sentsazio hori ez dago nesken artean. Gure helburua gehiago izan da laguntzea, eta ikusgarritasuna ematea. Erakustea espero baino emakume gehiago gaudela kirol honetan”.
Esan eta egin, errekor guztiak hautsi dituzte lasterketan. Izena eman duten 72 parte hartzailetatik, 30 dira emakumezkoak, %20a baino gehiago. Horien artetik, gainera, bost izango dira gidari moduan ibiliko direnak: Mirari Arruti (Markina-Xemein, debuta), Maria Aranberri (Azpeitia, Gipuzkoa), Sandra Hualde (Valcarlos, Nafarroa), Monika Muñoz (Oñati, Gipuzkoa) eta Almudena Diaz (Castañeda, Kantabria). Errekorrak goitik behera hautsi dituzte antolatzaileek: “San Miguelen errekorra hamar emakumezkotan dago, 2004an. Historikoki bi urtetan bakarrik atera da emakumezko bana gidari moduan”. San Migueleko errekorra hautsi dute beraz, eta hori gutxi balitz, baita Euskal Herrikoa ere: “Orain arteko errekor handiena Euskal Herrian 27 emakumezko parte hartzaile izan da, eta hori ere gainditu dugu. Izen emateetan ere, aurtengo Gabiriko igoeran, esaterako, 71 autok eman zuten izena, eta gurean 72k. Espero genuen jendea, baina horrenbeste eta horrelako erantzun ona edukitzea ez genuen espero. Oso-oso pozik gaude, guretzako sekulakoa da”.