Martxan da ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoa Ondarroan
Ondarroako Udalak, Zatozte Ondarroako Dendari eta Ostalarien Elkartearekin eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen laguntzarekin aurrera eraman du ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoa.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean abiatutako egitasmoa da Euskaraz barra-barra, Euskal Herriko establezimenduetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da helburua. Ondarroako Udalak herrira ekarri du egitasmoa eta Zatozte Ondarroako Dendari eta Ostalarien Elkartearekin eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean burutu dute kontsumitzaileak erdigunean jartzen dituen proiektua.
Ondarroako hainbat erakusleihoetan ikusgai dago Euskaraz barra-barra ikurra, akreditazio bat da eta lortu ahal izateko baldintza batzuk bete behar izan dituzte Ondarroako establezimenduek. “Honek ziurtatzen duena da entitate batek hizkuntza-egoera egokia duela euskaraz jarduteko kontsumitzaileekin”. Helburua, kontsumitzailea erdigunean jarri eta merkatalgoek euskara eroso erabili ahal izateko hizkuntza-egoera egokia dutela identifikatzea da. Horrez gain, entitatearen konpromisoa aitortzea ere bada beste helburuetako bat, eta horregatik banatu zaizkie herriko merkatalgoei ikur edo bereizgarri bat.
“UEMAko pertsona bat igaro da Ondarroako merkatalgoetatik, dendariek bezeroei harrera euskaraz egiteko maila duten jakiteko. Protokolo txiki bat bezala izan da eta herrian gehienek lortu dute. Zatoztetik, elkartean dauden merkatalgoak ziurtagiri hau lortu dezaten saiatu gara”, azaldu du Zatozte Ondarroako dendari eta Ostalari Elkarteak. Momentuz, 40 establezimenduk lortu dute akreditazioa Ondarroan eta aukera zabalik dago oraindik, interesa daukatenentzat.