"Giro herrikoian" ospatuko dituzte sanpedroak
Berriatuan, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoan asteburu guztia jai giroan pasako dute. Mutrikun, berriz, itsasoan desagertutako arrantzaleei omenaldia egingo diete.
Ekaina amaitzeagaz batera, badatoz San Pedro jaiak ere. Herri handietan ez ezik, txikiagoetan eta auzoetan ere ospatzen dira sanpedroak eskualdean, gehienetan, “giro herrikoiagaz”. Hala, asteburuan egongo da zer egina Berriatua, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan, Mutrikun eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoan.
Berriatuan, esaterako, gaurtik [ekainak 27] domekara [ekainak 30] bitarteko egitarau oparoa antolatu dute. Jaiak gazteen bertso sariketagaz hasiko dira; gaur [ekainak 27] 19:00etan Berritxu saria banatuko dute bideogelan. Bihar, berriz, Umeen Eguna ospatuko dute. Joseba Goienola alkateak azaldu duenez, San Pedro Txiki egunean ospatzen dute Umeen Eguna, baina, aurten domeka izanik, egokiago ikusi dute barikuan [ekainak 28] ospatzea. Hori horrela, umeen ez dute aspertzeko astirik edukiko egun guztian zehar: “Umeen jolasak egongo dira egun guztian, apar festa, txokolatea… Umeen bazkaria egiten da, eta Anaitasunakoek zerbitzatzen diete umeei; egun polita izaten da”. Egunagaz amaitzeko, berriz, Geuretik Sortuak bekagaz Jon Ander Urresti aktoreak sortutako Eucalyptus antzezlana ikusi ahalko da.
Goienolak azaldu duenez, zapatuan espero dute jende gehien: “Goizean triatloia egiten dugu, baina oso-oso herrikoia izaten da. Eguerdian berriz, entsalada eta tortilla txapelketa egiten dugu, eta oso giro polita egoten da. 150-200 lagun inguruk parte hartzen dute. Giro oso herrikoia egoten da”. Ostean musikak hartuko du protagonismoa: D’Capricho egongo da plazan.
Guzti hori gutxi balitz, berrikuntzak ere badaude tartean. Lehen bolo txapelketa herrikoia egiten zuten, eta aurten Bizkaiko Bolo Txapelketa saioa egongo da bihar [ekainak 28]. Zapatuan, berriz, pilota partiden partez, bertso pilota egongo da. Hala, Mikel Goñi eta Arrizabalaga ariko dira Urmeneta eta Pascualen aurka, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariek abesten duten bitartean. Domekan [ekainak 30] berriz, berria ez den arren, herrian aspalditik egin barik egon diren mus eta briska txapelketak berreskuratu dituzte.
Auzoak, jai gogoz. Markina-Xemeingo Barinagan ere jai gogoz daude auzotarrak. Bihar [ekainak 28] hasiko dituzte jaiak, eta etzi [ekainak 29] amaitu. Aurten berritasun modura, idi-proben partez, briska txapelketa egongo da zapatu arratsaldean. Briska txapelketagaz batera umeentzako Hiru Txirlo eta gaztetxoentzako multi-abentura jokoak ere egongo dira. Horren aurretik, berriz, herri bazkaria egingo dute: “70 lagun inguru espero ditugu. Azken momentuan ematen dute izena askok, baina jende gehien bertan elkartuko gara”. Egunagaz goi-goitik amaitzeko, Bizkaiko Hiru Txirlo Txapelketa ikusteko aukera egongo da.
Jaiak sei lagunen artean antolatzen dituzten arren, auzotarren babesa eta laguntza ez zaie falta antolatzaileei: “Auzotarren babesa sumatzen dugu, etortzen dira laguntzera, prest egoten dira beti. Ikatza ekarri, mahaiak prestatu, bildotsak erre… denetarik egin behar izaten da, eta denon artean egiten dugu”.
Ziortza-Bolibarko Arta auzoan ere ez dira atzean geratuko. Zapatuan [ekainak 29] auzotarren artean tradizio bihurtu den XI. Briska Txapelketa egingo dute, eta ez gainera, nolanahiko sariekin: lehenengo biek bertoko produktuen sorta eta 100 eta 80 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren. Hirugarrenek, berriz, 60 euro eskuratuko dituzte, eta laugarrenek, 40 euro. Domekan, ostera, eguna mezaren eta Zerutxu dantza taldearen emanaldiaren ostean Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolariak ariko dira kantuan. Umeek ere edukiko dute zer egina, izan ere, arratsaldean umeen jolasak egingo dituzte. Egun guztia alaitzeko, berriz, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak egongo dira.
Desagertutakoekin gogoratuz. Mutrikun, berriz, jai handiak atzean utzi, eta xume ospatuko dute San Pedro eguna. 12:00etan elkartuko dira herritarrak Kofradia Zaharrean, itsasoan desagertutako arrantzaleei omenaldia egiteko asmoz.
EGITARAUA
Berriatua
- Gaur, eguena.
- 19:00. Gazteen bertso sariketa: Berritxu saria.
- Bihar, barikua.
- 11:00-13:00 eta 15:00-17:00. Umeentzako parkea, herriko plazan.
- 13:30. Umeen bazkaria, herriko plazan.
- 17:00. Apar festa, herriko plazan.
- Ondoren. Txokolatea, herriko plazan.
- 19:00. Bizkaiko Bolo Txapelketa, Zentral gaineko bolatokian.
- 22:00. Eucalyptus antzezlana, Mendibarren frontoian.
- Etzi, zapatua.
- 09:30. Triatloi herrikoia, herriko plazan.
- 12:00. Meza, San Pedro elizan.
- 14:30. Entsalda eta patata tortilla txapelketa, herriko plazan.
- 17:30. Bertso pilota, kanpoko frontoian. Eguraldi txarragaz, Mendibarren frontoian.
- 19:00. D’Capricho musika taldea, herriko plazan.
- Ekainak 30, domeka.
- 12:45. Kantaize abesbatza, San Pedro elizan.
- 17:00. Mus txapelketa, herriko plazan.
- 18:00. Briska txapelketa, herriko plazan.
Barinaga auzoa (Markina-Xemein)
- Bihar, barikua.
- 17:00. Gaztetxoen arteko pelota partidak.
- 20:00. Txupinazoa eta txikiteoa.
- Etzi, zapatua.
- 12:15. Meza Nagusia.
- 13:00. Mezaostekoa eta txikiteoa, Kontzeju-Zahar tabernan.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Gaztetxoentzat multi-abentura jokoak.
- 17:00. Hiru Txirlo umeentzako.
- 17:00. Briska Txapelketa. Izen ematea, doan.
- Iluntzean. Txikiteoa eta argi ikuskizuna.
- 22:00. Bizkaiko Hiru Txirlo Txapelketa Ofiziala.
Mutriku
- Etzi, zapatua.
- 12:00. Itsasoan desagertutako arrantzaleei omenaldia, Kofradia Zaharrean.
Arta auzoa (Ziortza-Bolibar)
- Etzi, zapatua.
- 17:00. Artako XI. Briska Txapelketa.
- Ekainak 30, domeka.
- 11:00. Meza Santua.
- 12:00. Zerutxu Dantza Taldea.
- Ondoren. Bertsolarien saioa: Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita.
- 18:00. Umeen jolasak.
- Egun guztian. Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak.