Herri oso baten jai giroa
San Pedro jaiak ospatu dituzte asteburuan munitibartarrek. Denetariko ekintzez eta, batez ere, kolorez jantzitako ospakizunez gozatu dute.
San Pedro jaietan erroturiko ohiturazko ekimenak eta berritasunak uztartu dituzte asteburuan munitibartarrek. Barikuan [ekainak 28], txupinazoagaz eta aurtengo berritasun agusienetako bategaz, play-back lehiaketagaz, ekin zieten jaiei. Zapatuan [ekainak 30], San Pedro egunean, baina, jaietako jardunaldi gorena iritsi zen. Duela lau urte hartu zuten herritarrek sanpedroak mozorrotuta ospatzeko usadioa, eta aurten 70eko hamarkada izan da horretarako gaia. Mozorroek jaiei “beste xarma bat” ematen diela nabarmenduta, denetariko pertsonaiak ikusi ahal izan ziren Munitibarren.
Zapatu goizean, umeentzako jolas eta puzgarriek plaza hartu zuten; eguerdian, ostera, herri bazkarian elkartu ziren munitibartarrak. Beste urtez batez, herritarrek erantzun aparta eman diote bazkaritarako deialdiari: 200 lagunetik gora bildu ziren plazan. Arratsalde eta gaualdian, bestalde, dezibelak izan iren protagonista; Orkresta elektrotuna arduratu zen herriko kale eta tabernak girotu zituena lehenik, eta, ondoren, plazan Jotake erromeriaren kontzertua egon zen.
Domekan [ekainak 30], sortuberri duten Ezkur nagusien taldea adineko herritarren bazkaria antolatzeaz arduratu zen. Arratsaldez, berriz, pilotalekura begira ipini ziren herritarrak: San Pedro Txapelketaren finalak lehiatu zituzten. Jarraipen handia eduki ohi du esku pilota lehiaketa horrek, eta aurtengoa ere ez da gutxiagorako izan. Harrobiko harribitxiak kantxaratu ziren lehenengo, formazio mailetako pilotari gazteak. Nagusi kategoriakoak izan ziren protagonista ondoren.