Apalantza eta San Miguelek irabazi dute XVI. San Migel Rallysprinta
Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira zapatuko [ekainak 29] lasterketarekin. Guztira 72 autok eman zuten izena eta 68 autok egin zuten lasterketa, horietatik, 54 iritsi ziren amaierara.
Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel Ikullu Razing taldekoek lortu dute lehen postua XVI. San Migel Rallysprintean. EME automobilismo kirol klubak 2016tik egin gabe egon den San Miguel Rallyspinta antolatu du berriro ere, eta oraingoan, berrikuntza asko izan ditu, nahiz eta ibilbidea ohikoa izan den. Automobilismoan emakumeei ikusgarritasuna ematea izan da helburua eta eguraldia lagun ez izan arren balorazio “oso ona” egin dute antolatzaileek eta “pozik” agertu dira lasterketak izandako erantzunarekin, bai parte hartzaileen aldetik eta baita ikustera hurbildu ziren guztien aldetik ere.
Sailkapenari dagokionez, Escuderia Hamaika taldeko Aitor Saizar eta Alazne Apalantza berriatuarrak izan ziren bigarrenak eta Iker Etxeberria eta Alain Agirre hirugarrenak, hauek ere Ikullu Razing taldekoak. Guztira, Lea-Artibaiko sei autok parte hartu zuten lasterketan eta nahiz eta ezbehar eta istripu txiki batzuk izan, lasterketa “txukun” atera zela azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira 72 autok eman zuten izena eta 68 atera ziren lasterketara, horietatik, 54 autok lortu zuten amaierara iristea.
Berrikuntzei dagokienez, taldea bera da handienetarikoa. 2022. urte amaieran Automobilismo Federazioak deitutako bilera batean emakume talde bat elkartu ziren eta kirol honetan emakumeen presentzia ikusarazteko zerbait egitea pentsatu zutela aipatu dute Oihane Uranga eta Alazne Apalantza taldeko kideek. Iazko udaberrian, berriro federazioarekin elkartu ziren eta lasterketa bat egitea proposatu zieten. Hortik tiraka etorri da zapatuan burutu zen XVI. San Migel Rallysprinta.
Beraz, arlo honetan emakumeari ikusgarritasuna ematea helburu izanik, sari banaketarako euskal errepideetan erreferente izan diren emakumeak hurbildu ziren lasterketara: Domeka Vera, Ane Zapirain eta Sandra Fernandez. Horrez gain, EME eskuderiak lehen edizioan parte hartu zuten bi emakumeak omendu zituen, Karmele Ibarrola eta Ainara Gonzalez, eta oroigarri bana emateaz gain, beraiek izan ziren lasterketako irabazleei txapela jartzeko ardura izan zutenak.
EME eskuderia taldetik esker ona adierazi nahi izan dute: “Esker ona adierazi nahi diegu parte hartu duten guztiei, ezarritako ohar eta araudiak errespetu handiz beteak izan direlako. Baita ere, borondate osoz lan egin eta babesa eman diguten guztiei. Nola ez, gure eskerrik beroenak ibilbideko eta Etxebarriko bizilagun guztiei, lasterketako orduetan zehar sortu zitezkeen ezustekoen aurrean emandako erantzunagatik. Azkenik, eskerrak eman nahi diogu Kastinparro Eskuderiako lagunarteari, lasterketa antolatzeko emandako laguntzagatik”.