Dena prest Karmen Jaietako Kroserako
Zapatuan [uztailak 6] 7,5 kilometroko ibilbidea egingo dute 80 korrikalari baino gehiagok.
Txikienak Duatloi Txikian parte hartzeko prest dauden bezalaxe, nagusiak ere prest daude Aringa-Aringa Kirol Klubak karmenen atarian urtero antolatzen duten Karmen Jaietako Krosean parte hartzeko ere. Hala, zapatuan [uztailak 6] 19:30etik aurrera herriko, inguruko nahiz urrutiagoko korrikalariz beteko da Markina-Xemein.
Antolatzaileek gogorarazi dute izen ematea egunean bertan itxiko dutela, lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago. Hala, izena eman nahi dutenek www.buscametas.com web orrian egin beharko dute. Oraingoz lortutako erantzunagaz pozik daude antolatzaileak: “80 inguruk eman dute izena oraingoz, eta lasterketaren egunean 100etik gora izatea espero dugu. Orain arteko erantzuna iazkoarekin alderatuz gero, parte hartzea handiagoa da aurtengoa”. Izan ere, eguraldiak “asko” eragiten du parte hartzean: “Eguraldiaren arabera, jende gehiago edo gutxiago etortzen da. Izan daiteke 100 partaide egotea, edo 150. Dena eguraldiaren araberakoa izango da”.
Hala ere, maila ezin hobea ziurtatuta dago lasterketan, izan ere, iaz 28 minutu eta 25 segundotan errekorra ezarri zuten Rebeca Suarez eta Sergi Ariaca bikotea bertan izango da: “Badakigu iaz bikoteka irabazi zuen bikote kataluniarra etorriko dela, eta baita euren bi lagun ere. Bi korrikalariak oso onak dira, eta aurten ere helburu berdinarekin datoz”.
Ibilbidea. Ohiko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek: Markina-Xemeini bi itzuli emango dizkiete, guztira 7,5 kilometro eginaz. Azkarrenek, nola ez, sariak eskuratuko dituzte. Lehenengo hiru gizonezko, hiru emakumezko eta hiru bikoteek txapela, oroigarria nahiz diru saria irabazteko aukera edukiko dute, eta lehenengo hiru herritar gizonezkoek eta hiru herritar emakumezkoek, berriz, oroigarri bana eskuratuko dute. Gainera, zozketak ere egingo dituzte: Bermeosolok emandako produktuez gain, La Norteñaren produktu sorta eta Tateren produktu sortak zozketatuko dituzte.