"Partaidetza zabala" egongo da Markina-Xemeingo XIV. Duatloi Txikian
Zapatuan [uztailak 6] 11:00etatik aurrera Zelaian elkartuko dira LH1etik DBH4rainoko gazteak.
Astebete eskas baino ez da falta Markina-Xemeingo Karmen jaietarako, eta ohitura den bezala, zapatuan [uztailak 6] 11:00etatik aurrera Duatloi Txikian murgilduko dira kirolari txikienak. Alarabi Triatloi Taldearen ekimenez, 2008tik 2017ra bitarteko hainbat gaztetxo elkartuko dira Zelaiaren bueltan korrikan eta bizikletan aritzeko.
Urtero bezala, antolatzaileek 100 gaztetxo inguru espero dituzten arren, aurten lasterketa izaten ari den “partaidetza zabala” azpimarratu nahi izan dute: “Markina-Xemeingoez gain, Gernika-Lumo, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio… nahiko zabalkunde handia eduki du. Uste dugu proba sendotzen doala umeen artean, eta guretzako oso pozgarria da hori. Guk kirol hau praktikatzen dugu, eta gure afizioa gaztetxoen artean elkarbanatu nahi dugu, eurek ere ezagutu dezaten”.
Era berean, gogorarazi dute izen ematea oraindik zabalik dagoela, eta egunean bertan ere izena eman ahalko dela, oparirik jaso ez arren. Izena emateko 686 37 87 95 telefonora deituz edo alarabi.triatloi@gmail.com helbidera idatziz egin behar da, izen-abizenak, jaiotze data eta udalerria ipiniz. Dortsalak, berriz, egunean bertan 10:30ak baino lehen hartu beharko dira.
Zelaia, erdigune. Bost multzotan banatuta egingo dute lasterketa gaztetxoek. LH1etik LH4rainoko ikasleek 250 metro korrika eginaz hasiko dute ibilbidea; ostean, LH1 eta LH2ko gaztetxoen 325 metro egingo dituzte txirrinduan, eta LH3 eta LH4koek, berriz, 800 metro. Amaitzeko, berriro ere 250 metro egingo dituzte korrika. LH5 eta LH6koek, berriz, 325 metro korrika egingo dituzte lasterketa hasi eta amaitzeko, eta tartean, aldiz, 800 metro bizikletaz. DBH1 eta DBH2ko gazteek, ostera, 500 metro korrika, 1600 metro bizikletan eta 325 metro korrika egingo dituzte. Nagusienek, berriz, 600 metro korrika, 2.400 metro bizikletaz eta 325 metro korrika eginaz amaituko dute lasterketa. Korrika denek Zelaiaren inguruan egingo duten arren, DBH1etik DBH4rainoko gazteek, Xemeingo eliza atzetik igaroko den ibilbidea egingo dute bizikletaz.