Iñaki Iturri Uriarte: "Ezbehar asko gertatzen dira; itotakoen datuak oso kezkagarriak dira"
Igerilekuetan eta hondartzetan gertatzen diren ezbeharren aurrean, umeen materialaren segurtasun ezari buruzko kontzientziazio kanpaina zabaltzen ari dira.
Itsasoan kontrolatu ezin diren faktore asko daude, baina pertsonen esku dauden faktore batzuk ere bai.
Uretan, faktore bereizgarri bat dugu: arnasbideak uretatik kanpo mantentzeko beharra dugu, eta horrek baldintzatzen du gure jokaera. Faktore asko daude gure eskutik kanpo daudenak, eta, igerilarien kasuan, esaterako, ur ingurua menperatuta ere istripuak egon daitezke; baina ur inguruan mugimendua dominatzen ez dutenen kasuan, arnasbideak uretatik kanpo mantentzeko baliabide egokiak bilatu behar dira. Haurren kasuan, esaterako, garrantzia handia du materialaren aukeraketa egokiak. Ezbehar asko gertatzen dira urtero, itotakoen datuak oso kezkagarriak dira, eta, hortaz, zuhurtziaz jokatu behar da.
Urtero gertatzen diren istripu edo ezbeharren datuak badituzue?
Uretako istripuak direla eta, 70-100 haur artean hiltzen dira urtero Espainiako Estatuan. Datuak oso kezkagarriak dira, eta Salbamendu eta Sorosleen Federaziotik kontzientziazio kanpaina abiatu berri dugu, materialaren aukeraketa egokiaren garrantzia erdigunean ipinita. Lanketa handia egin behar da; inoiz pasatu ez bazaizu ere, gerta daiteke, eta bizitza bat dago jokoan.
Haurren kasuan, esaterako, garrantzia handia du materialaren aukeraketa egokiak. Ezbehar asko gertatzen dira urtero, itotakoen datuak oso kezkagarriak dira, eta, hortaz, zuhurtziaz jokatu behar da.
Flotatzaileak eta mahukak dira gehien ikusten diren baliabideak.
Arazo handia dago material horiekin. Flotatzaileak eta mahukak segurtasun faltsua ematen duten baliabideak dira; ez dira seguruak.
Zein da material horien arazoa?
Flotatzaileekin, adibidez, ezin dituzu eskuak ondo mugitu, eta ezin duzu propultsiorik egin. Igerian egiteko ohiko mugimenduak zaildu egiten ditu. Horrez gain, gorputza bertikaldu egiten dute, eta haurra labaindu egin daiteke azpitik. Ezker-eskuin ere asko mugitzen dira, eta buelta emateko arriskua ere badago. Mahuken kasuan, ostera, posizio horizontalagoa eta flotazioa eskaintzen dute, baina aurrera mugitzeko keinua zaildu egiten dute. Gainera, zulatzea oso ohikoa izaten da, baita indarra galtzea ere, eta, horrela, albo batera joateko joerari aurre egitea ez da erraza.
Igerileku batzuetan debekatuta dago materialaren erabilera. Zergatik?
Esandakoagatik: ez da material segurua. Hortaz, begirada guztiak gainean behar dituzte haur horiek, eta sorosleek ezin dute soilik haurrei begira egon. Segurtasuna guztiei bermatu behar zaie, eta erabiltzaile guztiei arreta eman behar zaie.
Gurasoen begiradapean egotea beharrezkoa da?
Gurasoengan kontzientziazioa zabaldu beharra dago. Haurren kasuan, igerian jakin edo ez, arretaz ibiltzea gomendatzen da, ezbehar asko gertatzen baitira. Kasu askotan, gurasoek uste dute haurrei uretako elementu horiek jarri eta haien begiradapean egon barik ere haurrak seguru daudela, baina oker daude. Ez dute flotazio osorik bermatzen, eta ezbehar asko gertatzen dira horiengatik. Elementu horiek eramaten dituzten haurrek normalean ez dute jakiten uretan ondo moldatzen. Hortaz, nahiz eta elementu horiek ibili, begirale bat izan behar dute; babes hori behar dute.
Zein material izango litzateke egokiena?
Igerian ikasteko badago material egokia, txurroak edo segurtasun gerrikoak, adibidez, baina beti ere monitore batek ikuskatu behar du horien erabilera. Profesional batek erakutsi behar die nola erabili materiala eta nola mugitu uretan. Esaterako, segurtasunekoak diren txalekoak badaude, bereziak direnak. Horiek badira segurtasun oso bermatzen duten uretako materialak.
Zer egin genezake uretan dauden kanpo faktoreen aurrean prestatuago egoteko?
Igerian ikastearen garrantzia azpimarratu behar da, arnasketa ona edukitzeko eta propultsioa egoki ikasteko. Jende asko dago igerian ez dakiena, kostaldean bizita ere, eta itsasoa bizirautea da: jakin egin behar dugu inguru horietan mugitzen. Baina, bitartean, badago material egokia ikasteko, betiere profesional baten laguntzagaz erabili behar dena, gutxinaka-gutxinaka uretan autonomia izateko.
Igerian ikastearen garrantzia azpimarratu behar da, arnasketa ona edukitzeko eta propultsioa egoki ikasteko.