100 lagunek parte hartu zuten Karmen Jaietako krosean
Idoia Nogalesek eskuratu zuen lehen postua emakumezkoetan eta Yassine Bihk gizonezkoetan.
Giro “polita” izan zen nagusi zapatuan ospatu zen Karmen Jaietako Krosean. Guztira 100 lagunek parte hartu zuten eta errekorez jositako lasterketa izan zela azpimarratu dute Aringa-Aringa Kirol Klubeko antolatzaileek.
Sailkapenari dagokionez, emakumezkoetan Idoia Nogalesek eskuratu zuen lehen postua 28:57ko denboragaz eta Clara Montesek bigarrena, 30:03ko markagaz. Hirugarren postua June Martinezek lortu zuen, 30 minutu eta 10 segundogaz. Gizonezkoetan, Yassine Bih izan zen lehenengoa helmugara iristen 23:40ko markagaz. Bigarren postua Mikel Arrasatek eskuratu zuen eta 24 minuto eta 2 segundo behar izan zituen lasterketa amaitzeko. Brahim Elasri izan zen sailkapenean hirugarren postua lortu zuen gizonezkoa, 24 minutu eta 32 segundogaz. “Yassine Bihk errekor berria egin du gizonezkoen banakako sailkapenean, Gontzal Bilbaok zeukana jeitsi du. Emakumezkoetan Jone Zabalak zeukan errekorra eta nahiz eta ezin izan duten hobetu, Idoia Nogales bere denbora jeitsita pozik bueltatu da etxera”.
Aurten ere, iaz bezala, Rebeca Suarez eta Sergi Ariacak lortu dute bikotekako lehenengo saria, gainera, pasa den urteko errekorra hobetu dute. 28 minutu eta 25 segundotan iritsi ziren helmugara 2023an eta oraingoan, 27 minutu eta 57 segundo behar izan dituzte. Itsaso Gangoitia eta Antton Belaustegik eskuratu dute bigarren postua, 31 minutu eta 8 segundorekin, eta Elena Beristain eta Iñigo Fernandezek hirugarrena 32 minutu eta 45 segundorekin. Herriko korrikalariei dagokienez, gizonezkoetan Oier Kareaga izan da lehena, Endika Aldaolea bigarrena eta Eneko Ibarzabal, hirugarrena. Herriko lehenengo emakumezkoa, aldiz, Aiora Agirregomezkorta izan da. “Bikotekako lasterketaren errekor berria Rebeca Suarez eta Sergi Ariacak kataluniarrek lortu dute, eginda zeukaten errekorrari 33 segundu jaitsiz.
Krosaz gain, parte hartzaileen artean zozketa bat egin zuten zapatuan [uztailak 6], Etxebarriko La Norteñak oparitutako 12 lote eta Tate Gozotegiak emandako 7 lote, Bermeosolok emandako 6 ardo botila eta bi urdaiazpiko zozketatu ziren. Antolakuntzatik esker ona adierazi nahi izan die parte hartzaileei eta babesleei: “Eskerrik asko parte hartzaileei eta babesle guztiei: Markina-Xemeingo Udala, Bermeosolo, Eika, La Norteña, Gaimaz, Tate Gozotegia eta Hamen Bertokoa”.