Eguraldia lagun izan ez arren erantzun ona izan du Ondarroako herri triatloiak
37 lagunek parte hartu zuten Ondarroako herri triatloian eta 35 haurrek umeen duatloian. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.
Zapatuan [uztalak 6] burutu zen Ondarroako herri triatloia, umeen duatloiagaz batera. Koaxi Triatloi Taldeko antolatzaileak “pozik” agertu dira izandako erantzunagaz eta egindako lanagaz.
Goizean egon zen umeen duatloia eta 35 lagunek parte hartu zuten: “Umeen artean giro paregabea egon zen. Hondartzan izaten da umeen proba eta normalean, egunean bertan jende asko animatzen da, bai parte hartzera eta baita ikustera. Oraingoan, eguraldi txarraren ondorioz jende gutxiago hurbildu zen baina hala ere, oso giro polita egon zen”.
Arratsaldean herri triatloiaren txanda izan zen, eta 37 lagunek parte hartu zuten bertan. “Normalean herritarrak izaten dira parte hartzaileen gehiengoa, baina oraingoan ez. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorri da jendea. Aurten, iaz baino baxuagoa izan da parte hartzea baina eguraldia ikusita, espero genuen. Hala eta guztiz ere, oso giro polita egon zen, bai antolakuntzaren aldetik eta baita parte hartu zuten kirolariek beraien artean izan zutena ere”. Aurtengo triatloi herrikoia igaro ondoren, datorren urtera begira jarri dira Koaxi Triatloi Taldeko kideak.
[ARGAZKI GALERIA]