Emeki Koralak kontzertua eskainiko du bihar Markina-Xemeinen
Bihar [uztailak 9], 20:00etan, Mertzedeko elizan eskainiko dute kontzertua. Emakumeen lanei ikusgarritasuna eman nahi diete.
Barikuan [uztailak 12] helduko da egun handia markina-xemeindarrentzat, bertan hasiko baitira aurtengo Karmen Jaiak. Horren aurretik, baina, badute beste hitzordu bat ere: bihar [uztailak 9] Emeki Koralak kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Mertzedeko elizan.
Yolanda Loira zuzendariak azaldu duenez, hiru ataletan banatu dute aurtengo kontzertua: “Lehenengo abesti erlijiosoak edo latinezkoak abestuko ditugu. Gero, euskarazko kantak, eta azken atala, gaztelaniazko kantena izango da”. Hamabi emakumez osaturiko taldea izanik, euren helburua “beti” izan da emakume musikarien lanak kaleratzea, bai erbestekoenak eta baita euskaldunenak ere. Hori horrela, aurten bereziki eman nahi izan diote garrantzia horri: “Sekulako zortea daukagu Euskal Herrian emakume musikariak korurako idazten dutenak badaudela, eta gainera, oso ondo idazten dutenak. Musikan ez ezik, hitzetan ere zentratu gara, eta emakumeenak izatea bilatu dugu. Hor egindako lana izango da aurkeztuko duguna”. Hala, Loiraren zuzendaritzapean taularatuko dira hamabi emakumeak, eta eurekin batera ariko dira Antxon Sarasua eta Urki Gojenola ere.
Era berean, gogorarazi nahi izan dute Emeki Korala ez dela talde itxi bat, eta koruan parte hartu nahi duen emakumerik egongo balitz, “besoak zabalik” hartuko dietela.