Herritarren eskura egongo da karmeldarren komentuko lokal bat
Kultura sustatzeko asmoz, Markina-Xemeingo Udalak eta karmeldarrek lau urterako hitzarmena sinatu dute.
Markina-Xemeingo Udalak eta herriko karmeldarrek hurrengo lau urteetarako hitzarmena sinatu dute komentuko lokal bat kultur eta gizarte ekintzetarako doan erabili ahal izateko. Hala, karmeldarren komentuko sakristiaren azpiko lokala erabili ahal izango dute herritarrek.
Udalak azaldu duenez, herriko elkarteek bilera, ikastaro, erakusketa edo bestelakoak antolatzeko lokal handi baten beharra adierazi dute, eta horri erantzunaz sinatu dute hitzarmena. Karmeldarren komentua herri erdigunean dagoenez eta irisgarria denez, “interesgarri” ikusi dute bertoko lokal bat herritarrentzako erabilgarri ipintzea.
Erabili ahal izateko udalak egokitzapenak egingo dizkio lokalari. Horren ostean, kultura sustatzeko helburuagaz, erakusketak, ikastaroak, bilerak, hitzaldiak eta kulturarekin zerikusia duten bestelako ekintzak egiteko erabili ahalko da gela. Lokala erabili ahal izateko eskaera egin beharko da udaletxeko Berton bulegoan.