Berriatua OinHerri herri hezitzaileen sareko bazkide izatera pasa da
2012an hainbat elkartek martxan jarri zuten egitasmoa da: haurren hezkuntza eta aisia beste modu batera bidera zitezkeela sinetsita.
Berriatua Oinherri herri hezitzaileen sareko bazkide izatera pasa da. Euskal Herrian zehar herri hezitzaileen filosofia hedatzeko helburua duen eragilez eta herriz osatutako sarea da. Hau da, Berriatuak bat egiten du sareak proposatzen duen aisi ereduagaz, non haurra protagonista izango den eta erabakitzeko ahalmena emango zaion.
“Aisialdi hezitzailea proposatzen dugu, euskalduna, anitza, parekidea, ingurumen naturala eta kulturala zaintzen dituena, komunitate sarea eta auzolana indartzen duena eta pertsonen arteko harreman osasuntsua bilatzen duena”, azaldu dute udaletik.
Bide luzea. OinHerri Herri Hezitzailea, 2012an hainbat elkartek martxan jarri zuten egitasmoa da. Haurren hezkuntza eta aisia beste modu batera bidera zitezkeela sinetsita. Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin, hainbat urrats eman dituzte.
“Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”, diote OinHerri elkartetik.