Itsasoa emakumeena ere badela aldarrikatu du Andrak Erramutan Talde Feministak
Euskal Kostaldeko Emakumeen Manifestuarekin eman zion amaiera itsas erronka feministari Ondarroako Andrak Erramutan Taldeak. Ondarroako herriak turrun hotsarekin egin zien ongi etorria eta itsasoa beraiena ere badela "ozen" aldarrikatu zuten.
Asteburuan [uztailak 6 eta 7] itsas erronka feminista burutu zuten Andrak Erramutan talde feministako kideek, 37 emakumeen artean Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasbidea egin zuten. Ondarroara heldu zirenean, turrun eta txalo hotsez egin zieten ongi etorria herritarrek.
2018an Orioko emakume talde batek Orio-Bilbo-Orio itsasbidea egin zuen eta tartean, Ondarroatik igaro ziren. Honek, zer pentsatua eman zien Ondarroako emakumeei eta Orioko taldea erreferentziatzat hartuta, Ondarrun be, andrak erramutan, zeatxik ez? sortu zuten.
“Arraun Elkartearekin hitz egin ondoren eta Udalaren Berdintasun Sailaren laguntzarekin, 2023an Andrak Erramutan Talde Feminista sortu genuen eta urritik eta ekainera 45 urtetik gorako 37 emakumek arraunean ikasi dugu udan itsasoratzeko”. Uztailaren 6 eta 7an itsasoratu ziren Ondarroa-Donostia-Ondarroa erronka gauzatzeko eta tartean, Oriotik igaro ziren, “ideia han sortu zen eta Orioko emakumeek hasitako ibilbideari aitortza eta jarraipena eman nahi genion”.
Ondarroako sasoiko emakumeentzat da Andrak Erramutan proiektua, kirola egin ala ez, arraunean ikasi eta itsasoa hartzea helburutzat duena, “emakume gazteak badabiltza itsasoan, baina sasoiko emakumeak ez, eta hori konpondu beharra dago, jabekuntza kolektiboaren bitartez”. Euskal kostaldean su feministak piztea da taldearen helburua.
Orioko emakumeek hasitako ibilbideari aitortza eta jarraipena eman nahi genion.
Zapatuan [uztailak 6] Orion egin zuten geldialdian Itsasoa gurea ere bada manifestua irakurri zuten, baita hurrengo geldialdiak egin zituzten herrietan ere. Euskal kostaldeko errealitatea bistaratu eta eraldatzea dute helburu eta horretarako dabiltza lanean, “itsas mundua oso androzentrikoa da, eta oraindik ere, gizonezkoak nagusi dira eremu guztietan: lanbideetan, aisialdian eta kirolean. Hori dela eta, emakumeen lana, esperientzia eta ikuspegia baztertuta dago, zer esanik ez 45 urtetik gorako emakumeen kasuan, irudi kolektibotik guztiz kanpo gaude eta egoera honek, genero desberdintasuna eta bazterketa indartzen ditu”.
Beraz, horrelako proiektuekin emakumeen ahalduntzea bultzatzeaz gain, eraldaketa bat eskatu dute, gizarteak emakumea eta itsasoaren inguruan daukan ikuspegia errotik irauli nahi dute. Helburu hauek guztiak lortzeko eta aldaketa sakonerako tresna gisa prestatu dute Euskal Kostaldeko Emakumeen Manifestua, “gure helburuak eta nahiak jasotzeko, adierazteko eta aldarrikatzeko”. Itsasoari lotutako irudi androzentrikoa aldatu eta emakumeak ere, eta batez ere sasoiko emakumeak, itsasoari lotutako ekintzetan parte hartzeko gai direla eta eskubidea dutela aldarrikatu dute manifestuarekin, “itsasoa gurea ere badelako, gu ere itsasoa garelako”.
45 urtetik gorako emakumeen kasuan, irudi kolektibotik guztiz kanpo gaude eta egoera honek, genero desberdintasuna eta bazterketa indartzen ditu.
Sei aldarrikapen desberdin barnebildu dituzte manifestuan, emakumeak kostaldeak egindako ekarpenak bistaratzea izan da lehenengoa, “emakumeak egon badaude itsasoari lotutako lanbideetan, arraunean eta abarretan, baina memoria kolektibo feminista eraiki behar dugu, batetik, hurrengo belaunaldietarako, eta bestetik bidezko aitortza egiteko gure aurretik itsasoa hartu zutenei”. Desberdintasun eta jarrera matxistak detektatu eta honen gaineko erantzunak ematea da bigarren aldarrikapena, “elkar lagunduz, esperientziak eta erantzunak partekatuz”. Hirugarren aldarrikapenak kostaldeko emakumeak espazioak hartu eta honetarako baliabideak eskuratzeko bultzada ematea du helburutzat.
Sasoiko emakumeen esperientzia eta jakituria aitortzea ere beste puntu garrantzitsu bezala identifikatu dute taldeko kideek: “45 urtetik gorako emakumeen esperientzia eta ezagutza erabili behar dugu, estereotipoei aurre egin eta herrietan dugun garrantzia aitortzeko”. Horrez gain, emakumeentzako gune seguruak bermatu beharra dagoela aipatu dute, “emakumeak lasai berba egin, ikasi eta hazi ahal izateko, diskriminazio eta bazterketa gabe, kostaldeko herri askotan Emakumeen Etxeak diren bezala”. Azkenengo aldarrikapen bezala, kostaldeko su feministak piztearen beharra azpimarratu dute: “Kostaldeko herrietan emakumeen ahalduntze feministarako olatuak sortu behar ditugu, emakumeen partaidetza bultzatu eta euskal kostaldeko emakume, talde feminista eta emakume elkarteen arteko sareak sortu daitezen”. Itsasoa emakumeena ere badela oihukatuz eman zioten amaiera manifestuari: “itsasoa gurea ere badelako, gu ere itsasoa garelako”.