"Jendez gainezka" ospatu dute 34. Kaleka
Kale arteek hartu dituzte asteburuan [uztailak 5, 6 eta 7] Lekeitioko kaleak; antolatzaileak "pozik" geratu dira aurtengoagaz. Berritasunek ere, "ondo" funtzionatu dute.
Hiru egunez kale arteek hartu dituzte Lekeitioko kaleak. Joan den barikutik hasi eta domekara arte [uztailak 5, 6 eta 7] Kaleka Kale Arteen Jaialdiaren 34. aldia ospatu dute lekeitiarrek. 34 urte baino gehiagoren ostean herritarren artean errotuta dagoen jaialdia da Kaleka, eta aurtengoan ere “pozik” geratu dira antolatzaileak herritarren erantzunarekin: “Herriko jendeak ohitura hartuta dauka, eta dena ikustera joaten dira. Oso pozgarria da hori: emanaldi denak jendez gainezka egoten dira”.
Hala, euririk barik aurkeztu ahal izan dute aurtengo programazioa. Igor de Quadra Kalekako zuzendaritza taldekoak azaldu duenez, denetariko emanaldiak ikusi ahal izan dira aurten, eta aldi berean helburu desberdinak zituzten arren, helburuak beteta amaitu dute aurtengoa: “Helburua berritasunak jaialdiak berez daukan izaerarekin uztartzea izan da. Pausu hori eman dugu, eta ebaluaketa datorren astean egingo dugun arren, polito joan da”.
Izan ere, berritasunez betetako jaialdia izan da aurtengoa. Esaterako, ikusleekin harremanak sortzen saiatu dira, eta hala nahi izan dutenek jaialdian eta kaleko arteetan gehiago murgiltzeko aukera eduki du Kalekari sailaren bitartez: “Proposatu ditugu, alde batetik, tailer bat, eta beste alde batetik, artistetik elkarrizketa edo topaketa moduko batzuk. Tailerrean modu dibertigarri eta jolasti batean ikuzkizunen eta antzezpenen inguruko ideiak eta kontzeptuak elkarrekin aztertu ditugu. Elkarrizketa edo topaketatan, berriz, artista batzuekin elkartzeko aukera eduki dute, euren ikuskizunaren ondoren”. Hala, “ondo” funtzionatu du Kalekari sailak, eta hurrengo urtera begira hobetzen eta garatzen jarraitzeko asmoz daude antolatzaileak.
Berritasunak egon dira, era berean, talde antolatzailean ere. Hori horrela, diseinuan aldaketak egon badira ere, batez ere, edukien planteamenduan ipini nahi dute fokua hurrengo urtean: “Nahiko genuke, alde batetik, herrikoiagoa izatea eta bestelako sormen prozesu batzuk ere kontuan hartzea. Jaialdia baten nortasuna ezin da aldatu urte batetik bestera, eta beraz, jarraituko dugu ekartzen kanpotik datozen konpainia zoragarri horiek, baina, bestelako begiradak ere uztartu nahi ditugu”. Hala, aurten ikasi eta ikusitakoaren bidetik jarraituko dute lanean, datorren urtean alderdi horiek gehiago garatzeko.
Emanaldi “ezberdinak”. Aurten eskaintza “oso desberdinak eta denetarikoak” ikusteko aukera eduki dute ikusentzuleek, eta horri esker, bakoitzak bere emanaldi kuttuna aukeratu ahal izan du. Hala ere, ikusleak “bereziki liluratu” zituen bat egon zen: Underclouds Cie konpainia frantsesaren Inertie ikuskizuna. “Ikusleak liluratuta geratu ziren. Oso proposamen xumea eta soila da: halako objetu bat mugimenduan zegoen etengabe mugimendu bera egiten, eta antzezleek horren inguruan joko desberdinak egin zituzten. Mugimendu hipnotikoa zenez, jendea harrituta geratu zen, eta bereziki liluratuta”, azaldu du de Quadrak.
Guztiz garatuta eta finkatuta dauden emanaldiekin batera, garapen prozesuan daudenak ikusteko aukera ere egoten da Kalekan, Scratch sailean. Aurtengoan Bilbo inguruko Okamika taldeak eduki du horretarako aukera: “Musikariak dira, eta oso onak, baina ez daukate eszenan ipintzearekin praktika handirik. Horregatik, pare bat saiakera egin zituzten eta guk feedbacka eman genien. Hori izan da euren lehenengo urratsa, eta oso pozik eta jarraitzeko gogoz atera ziren”.