Lekeitioko Udalak herritarrekin batera erabakiko du Maderas de Lekeitioko lurretan zer egin
Udalak plateamendu oso bat egingo du herritarrek nahi dutena eta legearen arabera egin daitekeena kontuan hartuz. Horren ostean, prozesu ireki eta parte hartzaile bat hasiko dute herritarrekin.
Iazko abenduan, “asko kostatako negoziazioen” ostean, Lekeitioko Udalak Maderas de Lekeitioko lurrak berreskuratzea lortu zuen, lurren jabea zen La Caixagaz akordioa sinatu ostean. Udalak “oso argi” zeukan hasieratik “benetan garrantzitsua” zela lur horiek herriak berreskuratu zitzan, eta helburua beteta, lur horiekin zer egin pentsatzen ari dira.
Horretarako, duela urte batzuk herritarrekin egindako prozesu parte hartzaileko ondorioak aztertzen aritu da udala, eta bertan jasotakoak, legeak arautzen duena eta Lekeitiok XXI. menderako dituen erronkak kontuan izanda, hainbat ondorio atera dituzte.
Alde batetik, udalak ondorioztatu du “ezinbesteko” apustu estrategikoa dela Lekeitiorentzat ingurumen krisiari aurre egiteko pausuak ematea, energia burujabetzarako bidean: “Horregatik, energia berriztagarriak sortzearekin lotutako proiektuak martxan ipini behar dira”. Era berean, ingurumen krisiari aurre egiteko prozesuagaz jarraituz, Maderasen dagoen gune berdea dagoen moduan mantendu eta zaindu behar dutela ondorioztatu dute. Herrira lanpostuak ekartzeko aukera aztertuko dute: “Lekeition lanpostuak izateko aukerarik ia ez dagoela eta, Maderasen lanpostuak sortzeko aukerak aztertuko dira”. Azkenik, herritarren aisialdiari begira, berriz, Antzoritz-Eluntzeta gunean zer eskaintza egin daitekeen pentsatzeari ere ekingo diete.
Hala ere, udaleko ordezkariek azaldu dute legeek “asko” mugatzen dutela Antzoritz-Eluntzeta eremuan egin daitekeena: “Legearen arabera itsasotik hurbilen dagoen eremu horretan gauza gutxi egin daiteke, izan ere, Kostako legeak dio dagoen moduan mantendu behar dela, aldaketa gutxi eginda”. Hori horrela izanik, legeak dioena eta herritarren nahiak kontuan hartuz, udalak planteamendu oso bat egiteko asmoa dauka. Planteamenduagaz amaitzen dutenean, herritarrekin batera erabakiko dute eremu horretan zer egin: “Datorren ikasturtean aukera izango dugu modu ireki eta parte hartzailean, guztion artean, Maderasen zer egin erabakitzeko”.