Markina-Xemein, Bizkaiko Herriartekoan bederatzigarrenez garaile
Markina-Xemeinek garaipen aparta lortu zuen zapatuan [uztailak 6], Zeanuriren kontra, Bizkaiko Herriarteko Txapelketaren finalean.
Markina-Xemeingo esku pilota taldeak balentria galanta egin du: Bizkaiko Herriarteko Txapelketan bederatzigarren garaipena poltsikoratu. Iragan zapatuan [uztailak 6], Zornotzako Amorebieta IV Pilotalekuak hartu zuen txapelketaren aurtengo finala. Maila handiko aurkaria eduki zuten aurrez aurre: Zeanuri.
Kadete mailan, Arrizabalaga eta Otxoantesanak aurkari zeanuritarrak beren legera dominatu zituzten norgehiagokaren hasiera-hasieratik: 22-4 nagusitu ziren markina-xemeindarrak. Otxantesanak “segurtasun handia” bistaratu zuen atzealdeko koadroetan, eta Arrizabalagak “nahieran” borobildu zituen tantoak. Gazteen lehian, aldiz, borroka estua zegoen aurreikusita, baina Markina-Xemeinek uste baino errazago eskuratu zuen garaipena: Egurrolak eta Calvok Beitia eta Egileor zeanuritarrak 22-4ko markagailuagaz garaitu zituzte. Markina-xemeindarrek Beitia aurrelari aurkariaren ekina nabarmendu dute: “Bere jokoa urrundik hasten saiatu arren, Calvok atzetik oso sendoki erantzun dio, eta bere jokoa bikain probestu du Egurrolak, aurrealdean”.
Txapelketa ondo ziurtatuta, markina-xemeindarrek nagusi mailan ezin izan zieten aurre egin zeanuritarrei
Hirugarren eta azken partiduan, nagusi mailan, tentsio maila “txikixeagoa” izan zen, markina-xemeindarrek txapelketa poltsikoan baitzuten. Azkenengo lehia, hain zuzen ere, zeanuritarren aldekoa izan zen. Partidu “orekatu eta politaren” ondoren, Etxeitak eta Erkiagak garaipen ederra lortu zuten Agirremalloa eta Pujanaren aurka. Etxeita izan zen protagonista nagusia, “gehien asmatu zuen pilotaria”.
Euskal Herriko lehia, ate joka.
Markina-Xemeingo esku pilota taldeak “urte askotan egindako lanaren fruituak” jaso ditu herriartekoan, eta taldekideak “oso pozik” agertu dira bederatzigarren txapela eskuratzearren. Frogatu dute azken bi ekitaldietako garailea izatearen hautagaitza ederto kudeatzeko gai direla; hain zuzen, azken 17 urteetan 13 aldiz jokatu dute Bizkaiko Herriarteko Txapelketaren finala. Gainera, herriartekoen zurrunbiloa ez da amaitu beraientzat: datorren zapatuan [uztailak 13], Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dute markina-xemeindarrek, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalerdian. Larraun edukiko dute arerio, 11:00etan hasita.