Mutriku Futbol Taldeak zuzendaritza berria aurkeztu du
Zapatuan [uztailak 6] aurkeztu zuen Mutriku Futbol Taldeak hurrengo urteetan egongo den zuzendaritza berria. Taldearen baloreak eta helburu orokorrak mahaigainean jarri zituzten.
Zuzendaritza berriarekin dator Mutriku Futbol Taldea eta zapatuan [uztaila 6] egindako aurkezpenean azaldu zituzten xehetasun guztiak, besteak beste, aurrera begirako organigrama eta egin duten plan estrategikoa. Markel Rodriguez izango da lehendakaria eta Leire Fernandez lehendakariordea.
Zuzendaritza berriaren xedea mutrikuarrei futbolean jokatzeko aukera ematea izango da, “horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak haien eskura jarriko ditugu, kirol modalitate honek dakartzan onurez baliatzeko eta disfrutateko”. Horrez gain, Gipuzkoa mailan erakunde erreferente bilakatu nahi dute; kirol arloan eta arlo sozialean.
Baloreei dagokienez, errespetuan, parte hartzean, konpromezuan, diziplinan, umiltasunean, bizikidetzan, inklusioan, berdintasunean eta talde-lanean oinarritutako taldea izatea da zuzendaritza berriaren asmoa. Denentzako kirola sustatu nahi dute eta kluba profesionaltasunez zuzentzea da helburua: “klubaren egitura eta organigrama funtzionala indartu nahi dugu eta honekin lotuta, klubaren egonkortasun ekomonimoa lortu, diru-sarrerak indartuz”. Egungo teknologietara egokitzeko helburua ere badu klubak eta komunikazio plan eraginkorra garatuko dute horretarako. Horrez gain, komunitatearen garrantzia azpimarratu dute: “Klubaren izate sentimendua berpiztu nahi dugu, herri komunitatea sortuz”.
Aurreko helburuak lortzeko helburuko ekintza desberdinak proposatu dituzte: “Helburu bakoitzeko plan desberdinak egin ditugu, batzuk martxan daude. Adibidez, jokabide desegokiak gidatzeko eskuliburu praktikoa sortu da eta orain, jazarpen sexuala, sexu-abusuak eta sexu-erasoak prebenitzeko protokoloen lanketan gabiltza”. Bazkideen kanpaina indartsu bat ere egingo dute eta babesleak lortzeko orduan, Mutrikuko merkatari eta enpresekin harremanetan jarri dira.
Gertutasuna mantentzeko astean egun bat jarriko dute zuzendaritzakoekin biltzeko: “Nahiz eta harremanetarako sare sozialen kanala irekita izango dugun, ez dugu gertutasuna galdu nahi. Horretarako, asteko egun eta ordu bat jarriko da futbol zelaiko bilera gelan, zuzendaritzakoekin biltzeko”.
Horrez gain, klubaren pertenentzia sentimendua indartzeko MFT eguna sortu nahi dute, “denboraldiaren amaieran egun bat aukeratuko dugu, amaiera biribila emateko eta egun osoan zehar ekintzak egongo dira adin tarte guztientzat”. Herrira irekita dagoen talde bat izan nahi du Mutriku Futbol Taldeak eta horretan lanean jarriko da aurkeztu berri duten zuzendaritza berria.