Azerbaijan izango da Kevinth Cardonaren hurrengo geltokia
Turkiako Kukaña Txapelketan egon ondoren, uztailaren 21ean Azerbaijanera joango da Kevith Cardona, Redbullek antolatutako txapelketara.
Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketatik Turkiara egin zuen salto Kevinth Cardona ondarrutarrak, eta handik Azerbaijanera bidaiatuko du uztailaren 21ean [domeka], Redbullek antolatutako kukaña txapelketara. Gogotsu eta ilusioagaz dago aurrean daukan aukerarekin: “Inoiz ez nuen esperoko honaino iritsiko nintzenik, amets bat da niretzat. Sekulako gogoa daukat Azerbaijaneko txapelketan parte hartzeko”.
Kukañaren bueltan ibiltzen den jende desberdina batu ziren, kukañarekin zerbait egin behar zutela eta Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa antolatzea bururatu zitzaien, tartean zegoen Kevinth Cardona eta txapelketako egunean, berak eskuratu zuen ikurrina: “Herrian kukañaren bueltan ibiltzen garen jende desberdina batu ginen eta hortik sortu zen txapelketa antolatzeko ideia. Zazpi hilabete antolatzen eta prestatzen ibili ondoren, Aurrera Egunaren [ekainak 22] barruan antolatu genuen Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa”.
Ondarroan lehiatutako txapelketaren ondoren, Turkiara joan zen Kevinth Cardona uztailaren 7an [domeka] eta bertako txapelketan parte hartu zuen. “Duela bi urte lagun batek eman zidan Redbullek Turkian antolatzen dituen txapelketen berri eta kosta ala kosta bertara heldu nahi nuen”. Banderarik lortu ez arren esperientzia “aberasgarria” izan dela azpimarratu du Cardonak, “bigarren itzulian hartu zuten bandera eta nik itzuli bakarra egin nuen. 70 parte hartzaile inguru geunden eta denak ziren turkiarrak, eta ni berriz, euskalduna. Oso pozik bueltatu nintzen bizitako esperientziarekin”.
Hurrengorako prest. Azerbaijan da Kevinth Cardonaren hurrengo helmuga eta gogo “ikaragarria” dauka txapelketarako. Iñigo Martinez fubolari ondarrutarrak eskaini dizkio baliabideak bidaia honetarako: “Aurrera Kukaña Taldeko sare sozialetan idatzi genuen baliabide ekonomikorik ez genuela Azerbaijanera heltzeko. Iñigo Martinezen mezua heldu zitzaigun, prest zegoela baliabide ekonomiko horiek jartzeko”. Cardona “oso eskertuta” dago Martinezek eman dion laguntzarekin, “eskerrak eman nahi dizkiot Iñigo Martinezi, nire ametsa betetzen laguntzarren”. Azerbaijanetik bueltan Ondarroako Andra Mari Jaietako kukaña txapelketan parte hartuko du, berezia bezain hunkigarria da berarentzat herrian lehiatzea, herritarrengandik jasotzen duen babesagatik, batez ere.