Mantentze eta konponketa lanak egiten ikasiko dute Andraetxean
Bihar [uztailak 11] herriko bi emakume autoen eta etxeen konponketa eta mantentzerako oinarrizko ezagutzen tailerra eskainko dute.
Andraetxean uztailean eta abuztuan txandarik egongo ez den arren, ekintzek ez dute etenik izango. Hurrengoa bihar [uztailak 11] egingo dute, 18:00etan, Andraetxean. Bertaratzen direnek etxearen eta autoaren konponketa eta mantenimendu lanak egiten ikasiko dituzte. Tailerra herriko bi emakumek emango dute, mantenimendu nahiz autoen konponketa lanetan aritzen direnak.
Hala, antolatzaileek azaldu dute iturgintzarekin eta elektrizitatearekin lotura duten mantentzerako gakoak, eta egoera zehatz batzuei irtenbideak emateko oinarrizko irizpideak azalduko dituztela. Oinarrizko ezagutzak emango dituzte, era berean, autoen inguruan ere.
Andraetxekoek azaldu dutenez, eurentzat garrantzitsua da mota horretako formakuntza bat antolatzea. Izan ere, beharrezkoa ikusten dute egunerokotasunean sortzen diren egoerei aurre egiteko eta autonomia gehiago izateko halako tailerrak eskaintzea, euren ahalduntzerako bidean.