Eikak euskarazko gradu edo master amaierako lanik onena sarituko du
Mondragon Taldeak hamabi sari banatuko ditu gradu eta master amaierako lanik onenentzat. Horietako sari gehigarri bat Eikak emango du: 2.500 euro eskuratuko ditu aurkezten den euskarazko lanik onenak. Lanak irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.
XXI. mendeko erronkei ekarpena egiten dieten gradu edo master amaierako lanik onenak sarituko ditu Mondragon Taldeak. Sariekin etorkizunean eragitea lortu nahi dute, XXI. mendeko erronka horietan ekarpena eginez. Hala, guztira hamabi sari banatuko dituzte, 23.750 euroko balioagaz.
Eraldaketa digitala, pertsonengan oinarritutako eraldaketa, eraldaketa energetiko klimatikoa, mugikortasun osasuntsu eta jasangarria eta finantzen eraldaketa gizarterako izango dira sarietako atal nagusiak. Hala, atal bakoitzean bi sari banatuko dituzte: 2.500 euro lehenengo sariarentzat eta 1.250 euro, berriz, bigarrenarentzat. Era berean, 2.500 euroko bi sari gehigarri ere egongo dira lanik berritzaileentzat: Ikerlanek proiektu berritzaileena sarituko du, eta Eikak, berriz, euskarazko proiekturik onena.
Eikak konpromiso sendoa dauka euskaragaz eta berau bultzatzeagaz. Hori horrela, Mondragon sarietan ere ildo beretik egin nahi dute ekarpena: “Eraldaketaren baitan, euskara gizarteko esparru zientifikora zabaltzeko helburuan ekarpena egin nahi dugu, euskararen normalizazioan eta euskarazko eduki zientifikoen sustapenean egindako ekarpena sarituz”.
Proiektua aurkezteko bideak. 2023ko urriaren 1aren eta 2024ko irailaren 30aren bitartean unibertsitate batean aurkeztutako lanak dira sarietan onartuko dituztenak, eta gutxienez 10 puntutik 8ko kalifikazioa izan beharko dute. Lanak irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira www.shakinghub.com web orrian. Lan guztiak jaso ostean, urriaren 2an hasiko dute lanak ebaluatzeko prozesua, eta urriaren 31n jakinaraziko dituzte finalistak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, azaroaren 28an izango da, Bilbon.