Mutrikuko ondare naturala modu jasangarri batean kudeatzeko lanean dabil Mutrikuko Udala
Artzainerreka inguruko natura ondarea hobetu eta mehatxatutako espezieak babesten jarraitzen du Mutrikuko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.
2020an hasi zuen Mutrikuko natura ondarearen kontserbazioa lantzeko proiektua Mutrikuko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Herriko eremuen eta bertako habitat eta espezieen diagnosia egin zuten eta udalak ondare naturalaren kontserbazioan duen ardura eta horretako eman beharreko pausuak zehaztu zituzten. Herritarrekin auzolanean burutu dituzte zenbait lan eta gaur egun, Aranzadi Elkarteko Botanika Saila dabil bertan lanean.
11.683,78 euroko diru laguntza lortu du Mutrikuko Udalak honetarako, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta horri esker burutu da proiektua: “Artzainerreka inguruan udalak erositako lur-sailean, tokiko biodibertsitatea laguntzeko urmaela sortu zen auzolanean. Aurten urmelaren anfibio, narrasti eta odonatuen inbentario lanak egin dira. Tokiko biodibertsitatearen ezagutza handitzeaz gain, urmaelaren kudeaketarako irizpide egokiak ezagutzeko asmoz eta lehen aldiz, baso-igel iberiarra aurkitu da artzainerrekan”.
Horrez gain, saio desberdinak egin dira, hain zuzen, mehatxatuta dauden espezieak berreskuratu eta inbaditzaileak erradikatzeko: “Urte hasieran bertako espezieen landaketak burutu ziren, Mutrikuko herriarekin elkarlanean. Ezinbestekoa da uda honetan sasiakazia espezie inbaditzailearen arazketa lanekin jarraitzea, apurka-apurka landatutako espezieek indarra hartzen duten bitartean”.
Egindako lana alferrikako izan ez dadin, etorkizunean kudeaketa jasangarria egin eta ondareari benetan daukan balorea eman nahi dio Mutrikuko Udalak, “Hasitako lana alferrikako izan ez dadin eta gure ondare naturala gehiago ezagutu eta hobetzeko asmoagaz, udalak egitasmo honekin jarraitzeko asmoa du datozen urteetan, pixkanaka eremu eta helburu berrietara zabalduz. Horrez gain, datozen urteetan Ormola putzuko biodibertsitatea lantzen hasiko gara”.