Ondarroako portura helduko da Mater ontzia
Bermoko portutik Ondarroara dator Mater ontzia eta astelehenean Mutrikura nabigatuko du. Itsas hondakinen arazoa erdigunean jartzea da helburua.
Zero Zabor Uretan egitasmoa itsaso osasuntsu baten aldeko zeharkaldia da, Mater ontzi museo ekoaktiboak antolatutakoa. Itsas hondakinen arazoa erdigunean jartzea da helburua eta herritarrekin arazoaren konponbidea lantzea. Dinamika honen seigarren edizioa da aurtengoa eta uztailan zehar Euskal Kostaldeko zortzi portutara iritsiko da Mater ontzia: “Uztaila itsasoko plastifikazioari aurre egiteko hilabetea da, mundu mailan. Beraz, gure dinamika ere uztailean zehar eramango dugu aurrera. Bilbon, Portugaleten eta Bermeon egon gara eta Ondarroa izango da Bizkaiko laugarren portua. Ondoren, Gipuzkoako beste lau portu zeharkatuko ditugu: Mutriku, Hondarribia, Getaria eta Pasaia”. Beraz, bihar [uztailak 12] helduko da Mater ontzia Ondarroako portura eta bertan hainbat jarduera desberdin egingo dituzte, baita herrian zehar ere.
Bihar [uztailak 12] iritsiko dira Ondarroara eta 19:00etan emango diote hasiera lau eguneko egitasmoari Zabor eta Bio itsas erraldoien kalejirarekin, Artelaneko erraldoiekin batera. 22:30ean zinema eskainiko dute itsasontzian: “Pantaila handi bat jarriko dugu itsasontzian eta itsasoko dokumentalak eta laburmetrailak jarriko ditugu”. Larunbatean egun osoan ontzira sartzeko aukera egongo da, bisita gidatu batekin: “50 minutuko bisitak izango dira eta itsasoari eta hondakinen arazoari buruz hitz egingo dugu, konponbideak ere mahaigainean jarriz”.
Portuan bertan ere dinamika desberdinak eskainiko dituzte egun osoan zehar, familiei bideratuta. Igandean itsas hondakinak arrantzatzeko itsasoratuko dira: “12 urtetik gora gaztetxoentzat eta familientzat bideratuta dago. Gainazalean dauden itsas hondakinak arrantzatuko ditugu eta mikroplastikoen laginketa bat egingo dugu. Igande arratsaldean, batutako plastikoarekin eskulanak egingo ditugu, bigarren bizitza bat emateko“.
Astelehenean [uztailak 15] abiatuko dira Mutrikura eta itsasontzian nabigatzeko aukera egongo da 50 euroren truke: “Aurreko hiru egunetako jarduera guztiak doan dira, baina azkenengo hau proiektua bera babesteko erabiltzen dugu”.