Osakidetzaren egoera hobetzeko borrokan jarraitzen dute Lea-Artibain
Osakidetzako murrizketak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte Aulestin. Ondarroan, Urtza Alkorta alkateak konponbidea bilatzeko deia egin dio Osasun Sailari.
Aulestiko herritarrek Osakidetzako murrizketen kontrako mobilizazio dinamika bati hasiera eman diote, uztailaren 15etik [astelehena] 30era [martitzena] arte familiako mediku zerbitzu gabe geldituko baita herria: “Berriro ere, gure medikuak oporrak hartu eta Aulestiko eta Gizaburuagako herritarrok Lekeitioko Osasun zentrora joan behar dugu, edo ospitaleko urgentzietara”. Mobilizazio hauekin Eusko Jaurlaritzari Osakidetzan murrizketarik egin ez dezan eta herritarrek lehen arreta zerbitzua herrian jaso dezaten eskatu nahi die.
“Zerbitzu murrizketak agerikoak dira. Pediatria eta ginekologia zerbitzuak gero eta urrutiago dauzkagu eta itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira”, aipatu dute herritarrek. Horrez gain, Osakidetzako langileen lan baldintzak ere erdigunean jarri nahi dituzte.
Aldarrikapen hauek kaleetara aterako dituzte aulestiarrek eta ekimen desberdinak eramango dituzte aurrera herritarren plataformatik. Mediku zerbitzurik ez dagoen bitartean kontzentrazioak egingo dituzte barikuro, hain zuzen, uztailaren 12, 19 eta 26an. Horrez gain, postontzia jarriko dute kontsultategian, “murrizketek herritarrongan duen eragina jasotzeko”. Bailara mailan egingo diren mobilizazioetarako deia ere egin dute Aulestiko herritarrek, herri txikiak bizirik nahi dituztelako.
Ondarroa. Ondarroako egoera “jasanezina” eta “kezkagarria” dela salatu du Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak eta konponbideak bilatzeko prestutasun oso daukatela adierazi dio Osasun Sailari: “EAEn mediku familietarako txanda hartzeko zenbateko itxaron zerrendak dauden adierazten dituzten datuak argitaratu zituzten atzo eta zazpi eguneko itxaron zerrenda daukan bakarra gure herria da”. Horrez gain, askotan zazpi egun baino gehiago itxaron behar dutela ere azpimarratu du. “Egoera jasanezina da, bai Ondarroan eta baita Lea-Artibai eskualdean. Beraz, konponbideak bilatzeko deia egin nahi diot Osasun Sailari, guk prestutasun guztia daukagu elkarlanerako”.