Feministek lehen lerroa hartu dute Markina-Xemeingo Karmen Jaietan
Eraso matxistak prebenitu eta herriko jaiak “gune seguruak” izateko helburuagaz, manifestazioa antolatu du Morelarre Gazte Feminista Taldeak.
Alarabiren jaitsierarekin batera “Feministok lehen lerrora” lemapean mobilizazio jendetsua antolatu du Morelarre Gazte Feminista Taldeak, Markina-Xemeingo Karmen Jaietako lehenengo egunean [uztailak 12]. Herriko jaiak hasteak beti dakar poza, baina jaiak “emakume, trans eta bollerenak” ere badirela aldarrikatu nahi izan dute gaurkoan, oraindik ez direlako “gune seguruak”. Erraldoiek eta Bizkaiko Gaiteroek girotu dute mobilizazioa.
Prebentzioa helburu izanik, kaleak hartu dituzte gaurkoan Markina-Xemeingo feministek eta erasoen aurkako mezuak erdigunean jartzea izan da asmoa: “Ez dugu inolako erasorik onartuko, erasotzaileek ez dute lekurik hemen”. Horrez gain, jai guztietan zehar eraso matxistei aurre egiteko herri protokoloa egongo dela adierazi dute; erasoak salatu eta erregistratzeko eta erasoa jasan duenari akonpainamendua egiteko.
Morelarre Gazte Feminista Taldetik “ozen” eta “argi” oihukatu nahi dute: “Jai herrikoien aldeko apustua eginez, gerta daitezen erasoen aurrean prebentzioa sustatzen eta erantzunak ematen jarraituko dugu. Autodefentsa, da bidea, hortik ulertzen dugu feminismoa eta horretan gabiltza”.