Giro ederrean hasi dituzte Karmen Jaiak Markina-Xemeindarrek
Antolakuntza, autogestioa, feminismoa, euskara eta beste hainbeste aldarrikapen erdigunean jarri dituzte Akerbeltz Gaztetxeko kideek Karmen Jaietako pregoian.
Alarabiren jaitsierarekin eta “Feministok lehen lerrora” manifestazioarekin hasi dituzte Karmen Jaiak Markina-Xemeindarrek. Erraldoiek eta Bizkaiko Gaiteroek girotu dute Xemeindik Goikoportalerainoko ibilbidea.
Mobilizazio ostean Goikoportalean elkartu dira herritarak, udaletxeko balkoiari begira, Akerbeltz Gaztetxeko kideek pregoia noiz botako zain. “15 urte. 15 urte bete ditu Akerbeltz Gaztetxeak. Errez esaten da, 2009an prozesu luze, malkartsu eta korapilatsu baten ostean, oztopo danen gainetik lortu zuen Akerbeltz herriko kuadrilla eder batek”, esanez hasi dute pregoia. Izan ere, 15 urte dira Akerbeltz Gaztetxeko ateak ireki zituztela eta ordutik, besteak beste, euskara, feminismoa, autogestioa, okupazioa, identitate askapenaren aldeko borroka eta lan baldintza duinak ardatz izanda gaur eguneraino iritsi da.
“Hau guztia ez litzake posible izango hainbeste urtetan Akerbeltzen eta Gazte Asanbladaren parte izan diren herriko gazterik gabe. Baina baita gaur egun gaudenoi, eta etorkizunean izango direnei esker ere”. Akerbidea norabide bezala hartuta herrian eragiteko gogoa duten gazte guztiei zuzendu dira, “gazte asanbladak aurrera eramaten dituen borroketara batu eta barruak hustu. Egiten duen horrek dauka lorpenen berri”. Amaitzeko, Karmen jaietan inolako erasorik ez dela onartuko azpimarratu dute, eta horretarako herri guztiaren parte hartzea beharrezkoa dela. “Jarraitu dezagun antolakuntzan, zaintzan eta autodefentsa feministan oinarritutako bidea egiten. Gora Karmen Jaiak eta gora Akerbeltz”.
Pregoiaren ondoren, jaian murgilduta jarraitu dute herritarrek kuadrillen arteko bizikleta kalejiragaz eta Marabiyak Sound Systen elektrotxaranga izan da Markina-Xemeingo kaleak girotzeaz arduratu dena. 21:00etan Bekobentatik hasi eta Goikoportalean amaituko den danborradagaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek eta egunari amaiera emateko, kontzertuak egongo dira Zelaian: Unidad Alavesa, Kaleko Urdangak eta Sua. Ondoren, DJ Matrik hartuko du txosnaguneko oholtza.