Inoizko jende gehien batu da Karmen jaietako herri bazkarian
2.900 lagun batu dira Markina-Xemeingo Kuadrillen Eguneko [uztailak 13] bazkarian. Zortzi ikuskizun desberdin egon dira Herritxouan, lau bakarlarik eta beste lau taldek hartu dute parte aurten.
Egun berezia dute gaurkoan [uztailak 13] Markina-Xemeindarrek, goizean goiztik koloretako alkandorez bete dute Zelaia Karmen Jaietako Kuadrillen Egunean, paella prestaketari ekiteko. Osagai desberdinak bildu eta kuadrilla bakoitzak bere erara prestatu ditu bazkari herrikoiko paellak. Guztira 2.900 lagun batu dira herri bazkarian, inoizko gehien. Â
Atzo [uztailak 12] eman zioten hasiera Karmen Jaiei, Alarabiren jaitsiera eta txupinazoarekin. Atzoko eguna “oso ondo” atera zela aipatu dute antolatzaileek: “Giro ederra egon zen atzo eta ez zen ezustekorik egon, orokorrean oso ondo doaz jaiak eta espero dugu datozen egunetan ere giro eder hau mantentzea”.Â
09:00etan eman diote hasiera egunari txistularien kalejirarekin eta 10:00etan Karmenetako esku pilota partidak egon dira frontoi txikian. 12:30ean Alarabiren txanda izan da eta Tarine Udal musika eskolako trikitia taldearekin eta Markina-Xemeingo trikitia eskolakoekin batera herriko txoko txiki guztiak alaitu dituzte.Â
Goiz guztia paella prestaketa lanetan igaro ondoren 14:00etan bazkaltzeko unea iritsi zaie herritarrei eta Zelaian batu dira itzaletik babesteko haima eta guzti. Ume zein nagusiek jai-giro ederraz gozatzeko aukera izan dute 16:30ean hasi den Herritxouarekin. Abarka antzerki taldeak aurkeztu du ikuskizuna eta bi kategoria desberdin egon dira: taldekakoa eta bakarkakoa. Bakarlariei dagokienez, Iban Mendizabal izan da irabazlea eta Lonek eskuratu du bigarren saria. Doctor Danceur hirugarren postuan gelditu da eta Mari Karmen Balentziaga laugarrenean. Taldekako sariei erreparatuz, Intergenerazionala taldeak eskuratu du lehenengo postua eta Olgetan taldeak bigarrena. Hirugarren sailkatua Suzko Ganbeluak taldea izan da eta Lengusurdinek laugarren postua lortu du.Â
Herritxouaren ostean, Hamarru elektrotxaranga arduratuko da Markina-Xemeingo kaleak girotu eta herritarrak dantzan jartzeaz. Ondoren, Esne Beltzaren kontzertua egongo da Zelaian. Egunari amaiera emateko DJ PARY & TIZAk hartuko dute txosnaguneko oholtza.Â