Bertsolaritzaren presentzia handitzeko helburuagaz, bertso afaria antolatu dute Ondarroan
Bertso afaria antolatu dute Ondarroako Bertso Eskolak eta Txitxinpotxin Elkarteak barikuan [uztailak 19], Nerea Ibarzabal eta Igor Elortza izango dira protagonistak
Herrian bertsolaritzaren presentzia handitzea helburu izanda, bertso afaria antolatu dute Ondarroako Bertso Eskolak eta Txitxinpotxin Elkarteak elkarlanean. “Ondarroan ez daukagu ohiturarik bertsolaritzaren inguruko saioak antolatzeko, kalean bai, baina ez beste formatuetan. Oraingoan, bertsolaritzaren presentzia zabaltzeko asmoagaz, bertso afaria antolatu dugu uztailaren 19an [barikua], 21:00etan, Txitxinpotxin Elkartean”.
Nerea Ibarzabal eta Igor Elortza izango dira afaria bertsoz girotuko duten bertsolariak. Sarrerak Kuriken daude salgai eguaztenera arte, 30 eurotan, eta Bertsolari Eskolatik afarira hurbiltzeko deia egin dute: “Afari honekin balorean jarri nahi dugu horrelako topaketen garrantzia. Badakigu ez direla data egokiak, batez ere jendea oporretan dagoelako. Hala ere, azken bultzada eman nahi diogu eta jendeari bertso afarira etortzeko deia egin nahi diegu, denok mahaiaren bueltan bertsoarekin gozatzeko aukera izan dezagun”. Afariko menuari dagokionez, bertoko produktuekin egindako janaria egongo da: “Lehenengo entsalada bat egongo da eta bigarren plater bezala, atuna. Atun sasoia dela aprobetxatuz”.