Jolasen artean ospatu dute karmenetako Ume eta Gazteen Eguna
Umeak eta gazteak izan dira protagonista jaietako laugarren egunean. Goizean jolasak eta Alarabiren kalejira egon dira, eta arratsaldean, berriz, mus eta briska txapelketa egongo da. Gauean Aramu, Amooma eta Leihotikan taldeek joko dute.
Herriko ume eta gazteen txanda izan da gaur [uztailak 15] Markina-Xemeingo Karmen jaietan. Eurak izan dira protagonistak goizean egon diren ume eta gaztetxoen jolasetan, eta baita Alarabiren kalejiran ere. Zelaia eta Arkupe aurrea bete dute herriko gaztetxoenek, eta denetarik egiteko aukera eduki dute: egurrezko jolasak, kirol egokitua, puzgarriak, tirolina…Â
Jolasean aritu diren bitartean, Alarabiren kalejirak eta Markina-Xemeingo Txikitixa Eskolako nahiz Tarine Udal Musika Eskolako trikitilariek alaitu dituzte herriko kaleak. Gainera, gaztetxoenei zirrara berezia sortzen dieten buruhandiak ere kaleetan zehar ibili dira, eta gozatu ederra hartu dute herritarrek.
Arratsaldean berriro egongo da ume eta gaztetxoen parkeaz gozatzeko aukera, 16:00etatik 19:00etara. Aldi berean mus eta briska txapelketak ere egongo dira frontoi txikian. Gainera, 18:00etan, erraldoien kalejira egongo da, Bizkaiko Gaiteroekin batera. Egunagaz goi-goitik amaitzeko, Amooma eta Leihotikan taldeek kontzertua eskainiko dute, 22:30ean, Zelaian.
Era berean, Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak Txosnen Eguna ospatuko du gaur [uztailak 15]. 17:45ean Opelan elkartuko dira herritarrak, eta poteo musikatua egingo dute. 20:00etan, berriz, txosnetako afaria egingo dute, bertso lehiaketagaz batera. 22:00etan Aramu taldearen kontzertua egongo da, eta Zelaiko kontzertuen ostean Lumatzak MJ arduratuko da gaua girotzeaz. Bestalde, bigarren urtez jarraian lapurretan egin zuten asteburuan txosnagunean: “Dena ez da poza eta alaitasuna jaietan. Bigarren urtez jarraian lapurretan egin dute Txosnagunean; dirua ostu dute. Beste behin, Markina-Xemeinen herrigintzaren aurkako eraso bat jaso dugu. Ez dugu onartzen! Txikitik eta herritik lanean dabilean utzi bakean”.
Domeka, lehiaketa artean. Atzo [uztailak 14] ere eduki zuten zer egina markina-xemeindarrek. 09:00etan eman zieten hasiera III. Margo lehiaketari, eta 19:30ean egin zuten sari banaketa. Hala, nagusien mailan Fernando de Vicentek irabazi zuen. Bigarren postuan, berriz, Iker Mugarra San Martin geratu zen, eta hirugarrenean, Eneko Arruza Iglesias. Gazteen mailako saria Paula Arruza Murelagak irabazi zuen, eta umeena, aldiz, Lur Alberdi Trejok. Herritar saritua, ostera, Ainara Bereziartua Lazaro izan zen.