Udan ere kulturagaz gozatzeko aukera egongo da Aulestin
Udako kultur saltsi egitasmoa antolatu du Aulestiko Kultur Batzordeak, bihar [uztailak 16] emango diote hasiera Saji taldearen kontzertuarekin.
Bihar [uztailak 16] hasiko da Aulestiko Udako Kultur Saltsi egitasmoa, Aulestiko Kultur Batzordearen eskutik eta udan ere herrian kultur giroa egotea da helburua. Hiru erpin desberdin hartu dituzte kontuan egitaraua antolatzeko orduan, “bertoko edo inguruko sortzaileei lekua ematea izan da gure helburua eta horrez gain, protagonismoa emakumezkoek izatea, hau da, oholtza gainean emakume sortzaileak egotea. Herriko espazio desberdinak hartu nahi izan ditugu ekimen hauek antolatzeko orduan, lokal eta merkatalgoak barne”.
Ispasterreko Saji taldearen pop-rock kontzertu akustikoarekin emango diote hasiera egitarauari bihar [uztailak 16] 19:30ean Aulestiko parkean. Adin guztiei zuzendutako egitaraua izanik, uztailaren 23an [martitzena] ume eta gazteen txanda ixango da: “Ume eta gazteen jolasak egongo dira parkean 17:00etan, Leaktibairen eskutik. ‘Konkisa’ egongo da 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako eta ostean, jolasak egongo dira 11 urtera arteko gazteentzako”. Urteak daramate ume eta gazteentzako jolasak formatu horretan egiten eta oraingoan ere, errepikatu egingo dute.
Uztailaren 30ean [martitzena] Gernika-Lumoko Erreten rock taldearen kontzertua egongo da Ubilla tabernan, 19:30ean. Abuztuaren 3an [zapatua] emango diote amaiera egitarauari V. Argazki Rallyarekin: “Abuztuaren 3an egingo dugu V. Argazki Rallya. 11:00etan batuko gara herriko plazan, gaien banaketa egiteko. Parte hartzaileek egun horretako 24:00ak baino lehen bidali beharko dituzte argazkiak kultura@aulesti.eus helbidera. Ainhoa janari dendan gastatzeko 50 euroko bonoa izango da saria”.