Goikoportala goraino bete dute herritarrek Karmen Egunean
Zerutxu dantza taldeak Karmen Eguneko aurreskua eskaini du Goikoportalean. Ostean, Euskadi Brass Band taldea entzun dute herritarrek. Arratsaldean Markina-Xemein Grand Slameko finala jokatuko dute puntistek Unin.
Tradizioz beteriko egunari gogotsu ekin diote gaur [uztailak 16] markina-xemeindarrek. Jaietako egun guztietan bezala, Karmen Egunean ere txistularien kalejirak esnatu ditu herritarrak. Eguraldi ona lagun, kaleeta zehar ibili dira kalejiran.Â
Eguerdia jo orduko irten dira hainbat herritar Karmen Eguneko mezatik, eta udaletxe inguruan elkartu dira denak, Zerutxu dantza taldekoak noiz hasiko zain. Hala, 12:30ean heldu dira dantzariak, eta Karmen Eguneko aurreskua dantzatu dute. Plaza bete dute euren dantza dotoreekin, eta herriak gustura erantzun du.Â
Musikak hartu du dantzen erreleboa. 13:00ak jo eta berehala Plazabarripean kontzertua eskaini du Euskadi Brass Band taldeak. Goi mailako musikariak denak, euskaldunez gain Espainiar Estatuko hainbat musikarik osatzen dute taldea. Tropeta jotzen aritu dira Erlantz Fernandez, Nikolas Zubia, Roberto Bodi eta Jose Forte; Tronpa Luis Fernando Nuñezek jo du; Tronboiak Alberto Urretxok, Vicente Cascales, Joseba Diaz eta Jose Manuel Barquerok jo dute; Tuba Miguel Oscak jo du, eta perkusioa, berriz, Daniel Garaik.Â
Sortzaileak, bertatik bertara. Ohitura bihurtzen ari den Eixu azokak ere bere tokia eduki du gaur. Zelaiaren bueltan egin dute azokaren seigarren aldia; hogei postutik gora egon dira bertan. Markina-xemeindarrek nahiz inguruko herritarrek nahi haina erosteko aukera eduki dute: belarritakoak, lepokoak, kamisetak, boltsak, ukenduak… Gainera, goizeko saioaren ostean, arratsaldean ere bertan egongo dira postuak, 17:00etatik 20:00etara.
Azokaz gain, egongo da zer egina jaietako azken egunean. Zesta zaleentzat hitzordu garrantzitsua izango da gaurkoa, izan ere, Markina-Xemeingo Grand Slameko finala jokatu dute puntistek 18:00etan. Olharan-Ibarluzea eta Barandika-Lopez ariko dira Markina-Xemeingo titulua lortzeko lehian. Bertaratu ezin dutenek 22:30ean edukiko dute ETB1 kanalean finala ikusteko aukera.
Bertsozaleek, berriz, 19:00etan edukiko dute gozatzeko aukera. Uhagonen punta-puntako bertsolariak ariko dira jai giro ederrean abesten. Amaia Errasti Lizarzaburu ariko da gai jartzaile lanetan, eta Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Aissa Intxausti eta Oihana Bartra ariko dira bertsotan.Â
Jaiak goi-goitik amaitzeko lekeitiarrek hartuko dituzte kaleak. 22:00etan Lekittoko Deabruek emanaldia eskainiko dute Goikoportaletik hasita. Handik, Plazabarripera joango dira eta Zelaian amaituko dute ibilbidea. Euren ostean Alarabiri agur esateko unea helduko zaie markina-xemeindarrei.