Elena Fernandez Iturrioz Memorialerako prest daude igerilariak
Zapatuan [uztailak 20] egingo da Elena Fernandez Iturriozen omenezko itsas zeharkaldia. 600 eta 1.500 metroko itsas ibilbideak burutuko dituzte igerilariek Ondarroan.
37. Itsas igeri Zeharkaldia egingo dute zapatuan [uztailak 20] Ondarroan, Elena Fernandez Iturriozen omenezko memoriala izango da, Ondarru Igeri Taldeak antolatuta. 350 igerilari inguruk parte hartuko dute zeharkaldian, iazko kopuru antzekoa espero dute antolatzaileek: “Atzo amaitu zen internet bidez izena emateko epea eta gaur amaituko da Kirrixki Tabernan apuntatzeko aukera. Gutxi gorabehera 300-350 lagun inguru espero ditugu, aurreko urtean bezala”.
Egunean bertan ere izena emateko aukera izango dute parte hartzaileek baina 10 euro gehiago ordaindu beharko dute. Zeharkaldia herrikoia izatea da antolatzaileen helburua eta Ondarroako igerilariei parte hartzeko deia luzatu die.
Kategoria desberdinetan banatu dute zeharkaldia, 10:00etan itsasoratuko dira benjamin, kimu eta infantil mailakoak eta 600 metro egingo dituzte igerian. Ondoren, 11:00etan, junior, absolutu eta beterano kategorietakoak uretaratuko dira, hauek 1.600 metro egingo dituzte.
Sari desberdinak egongo dira kategoria bakoitzeko, juniorretan lehen hiru neskei eta lehen hiru mutilei trofeo bana emango zaie, eta absolutuetan eta beteranoetan berdin. Horrez gain, denbora onena lortzen dutenek itsas lasterketako garaipen txapela irabaziko dute. “Sari gehiago egongo dira, besteak beste, gizonezko eta emakumezko nagusienarentzako trofeoa eta Ondarru Igeri Taldeko lehen igerilariarentzako saria. Gainera, parte hartzaile guztiei domina eta itsas lasterketako kamiseta banatuko diegu”. Behin zeharkaldia amaitu ondoren, edaria eta janaria jarriko dute antolatzaileek, parte hartzaileak indarberritzeko.