Markina-Xemeinek Euskal Herriko herriarteko esku pilota finala jokatuko du
Domekan [uztailak 21] Zumarragan jokatuko dute finala, Gasteizen kontra. Finala ikustera joateko autobusa egongo da.
Markina-xemeindarrek, beste behin ere, Euskal Herriko herriarteko esku pilota finala jokatuko dute. Aurtengo hitzordua domekan [uztailak 21] izango da, 11:00etan, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finalerako sarrerak salgai egongo dira lehiatilan egunean bertan; 16 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtetik beherakoak doan sartuko dira.
Joan den zapatuan [uztailak 13] jokatu zuten finalaurrekoa Markina-Xemeingo pilotariek, eta 22 eta 8 irabazi zuten Larraungo pilotarien aurka; Larraun aurtengo Nafarroako txapelduna izan den arren, ezin izan zuten markina-xemeindarrekin. Euren ostean jokatu zuten Gasteizek eta Oiartzunek, eta azken hori aurtengo Gipuzkoako txapelduna den arren, gasteiztarrek ez zizkieten gauzak erraz ipini. Hala, 22 eta 19 Arabako txapeldunak nagusitu ziren.
Hori horrela, Markina-Xemein eta Gasteiz ariko dira aurtengo Euskal Herriko herriarteko txapela eskuratzeko lehian. Aurtengo Bizkaiko eta iazko Euskal Herriko txapeldunak dira markina-xemeindarrak, eta ez da partida erraza izango gasteizarrentzat; biak ala biek euren onena emango dute finalean. Zumarragara finala ikustera joan nahi dutenek autobusez joateko aukera edukiko dute. Izan ere, iazko antzera, aurten ere Markina-Xemeingo Udalak eta herriko esku pilota taldeak autobusa ipini dute bertara joateko. Autobusa doan den arren, beharrezkoa da gonbidapena hartzea udaletxeko kutxazainean. Hala, domekan [uztailak 21] 09:30ean irtengo da autobusa Markina-Xemeingo autobus geltokitik, eta 15:30ak aldera itzuliko da, berriz, Zumarragatik. Bertara joateko aukerarik ez dutenek ETB4 katean ikusi ahalko dute partida zuzenean.