Lekeitiarrek aukeratuko dute San Antolin jaietan nork botako duen txupinazoa
Proposamenak egiteko epea uztailaren 24an amaituko da. Bozketa fasea, berriz, uztailaren 29tik abuztuaren 5era izango da.
Bizipoza, herritarren parte hartzea eta auzolana. Horiek dira, Lekeitioko Udalaren hitzetan, herriko jaiak bizirik mantentzeko gakoak, eta jaiak heltzeko oraindik bi hilabete inguru falta diren arren, herritarren parte hartzeagaz hasiko dira jaiak antolatzen. Izan ere, herritarrek aukeratu ahal izango dute San Antolin jaietan nork botako duen txupinazoa, lehenengoz.
Horretarako, lehenengo proposamenak egiteko tartea edukiko dute uztailaren 24ra arte, eta ostean, bozkatzeko tartea edukiko dute, uztailaren 29tik abuztuaren 5era. Azaldu dutenez, ez dago parte hartzeko adinik. Era berean, herritarrek nahi beste proposamen egin ditzakete, baina, bigarren faseko bozketan, berriz, boto bakarra eman ahalko dute. Hori horrela, proposamenak egin eta bozkatzeko lekua Kultur Etxea izango da, bertan ipini duten hautetsontzi batean; emailez bozkatu nahi dutenek ere aukera edukiko dute, lekeitiokoudala.txupinazoa@gmail.com helbidera idatziz.
Era berean, iaz gizonezko batek bota zuenez txupinazoa, aurten emakumezko bat izan behar dela; taldea edo elkartea izanez gero, berriz, partaidetza mistoa izan beharko da. Nola ez, txupinazoa botako duena herritar bat edo herriko talde bat izan beharko da. Hala, behin proposamenetarako epea itxita, udalak aukeratuko du nortzuk pasako diren bozkatzeko fasera, hainbat irizpide kontuan hartuz. Ostean, bozketara pasako direneik harremanetan ipiniko dira, txupinazoa bota nahiko luketen edo ez jakiteko.
Proposamenetarako irizpideak. Proposamenak egiterakoan, pertsonak edo elkarteak herriarekin edo jaiekin lotura edukitzeaz gain, bere ibilbideak errekonozimendua edo aitortza merezi behar duela azaldu du udalak. Hori horrela, ekarpen nabarmena egin duen norbait izan beharko da, izan kulturan, euskararen alde, arlo sozialean, kirolean edo bestelako esparruren batean. Era berean, proposamenak egiterakoan hiru balio hartu beharko dira kontuan: euskara, genero ikuspegia eta herrikoitasuna.