Mutrikun sua hartu duen eraikina erortzeko arriskuan dago
Domekako [uztailak 21] 08:00etan piztu zen sua, Segurtasun Sailaren arabera. Bost pertsona zauritu ziren, horietatik bi osasun zerbitzuetara bideratu zituzten. Eraikina bota edo ez erabakiko dute 72 orduko epearen barruan.
Mutrikuko Barrenkale kaleko 6. zenbakian piztu zen sua domekan [uztailak 21], Mutrikuko Malen jaietako lehenengoko egunean, 08:00etan. Hirugarren solairuan hasi zen eta bost pertsona zauritu ziren, horietatik bi osasun etxera bideratu zituzten, erredurak zituztelako. Horrez gain, inguruko eraikinak ere hustu zituzten, segurtasuna bermatzeko.
Markina-Xemeingo eta Iurretako suhiltzaileez gain, Zarauzkoak, Eibarkoak eta Azpeitikoak ere hurbildu ziren Mutrikura. Oraindik ez dakite suak eragindako kaltea zenbaterainokoa izango den baina eraikinak dituen kalteak handiak direla azpimarratu dute.
Suak sortutako kalteen ondorioz eraikina erortzeko arriskuan dago, hala ere, teknikariek ikuspenak egin behar dituzte, egiturak hartzen duen joera zein den ikusteko. 72 orduko epearen barruan hartuko dute erabakia. Datozen egunetan kalea itxita egongo da, herritarren segurtasuna bermatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mutrikuko Udala auzokideekin harremanetan daude “behin behinean ordezko etxebizitza bat dutela bermatzeko”, jakinaraztera eman dutenez. Momentuz, bizilagunek ez dutela horren beharrik adierazi dute.