Aurten ez da marmitako txapelketarik egongo Lekeition
Aittitta Txiki Kultur Taldeak hogei urte baino gehiagotan antolatu du marmitako txapelketa. Aurten, errelebo faltan, ezin izan dute aurrera eroan.
Joan den maiatzean jakinarazi zuten Aittitta Txiki Kultur Taldeko kideek Iparraldeko Haizeak jaia ez zutela egingo, errelebo faltarengatik, eta horrekin batera ohartarazi zuten marmitako txapelketa ere kolokan zegoela, arrazoi berdinarengatik. Hori horela, asteburuan egitekoa zen marmitako txapelketa ezin izan dute aurrera eroan kultur taldeko kideek.
2000. urtean antolatu zuten lehenengo txapelketa, eta ordutik urtero eroan dute aurrera. Euren nahia parte hartzaileetako talderen batek txapelketaren kargua hartzea zen arren, aurtengoa ezin izan dute antolatu. Hala ere, datorren urtera begira, bi talde inguruk interesa erakutsi dutela adierazi dute, eta beraz, datorren urtekoa ziurrenik aurrera eroan ahalko dute.
Hala ere, beste talde edo norbanakoren batek laguntzeko interesa edukiko balu eurekin harremanetan ipintzeko eskatu dute, 695 74 65 45 telefonora deituz edo aittittatxiki@hotmail.com helbide elektronikora idatziz. “Urte askotan antolatu dugu txapelketa, eta nahiko genuke datorren urtean ere hala izatea. Aurten egin ezin izan dugun arren, jendearen laguntza eskertuko genuke datorren urterako. Guk erakutsiko diegu nola egin. Ez dira ezerezetik hasi behar, dirua badugu eta horrekin erraz ateratzen da aurrera txapelketa”, adierazi dute kultur taldekoek.