Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldiaren aro berria "oso ondo" hasi da
Gau Klasikoak egin dituzte asteburuan. Etzi eta barikuan [uztailak 25 eta 26] Aldapeko Basque Latin eta Xahu Quartet taldeek emango dituzte kontzertuak.
Aldaketaz beteta, joan den asteburuan hasi zuten Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldiaren aro berria, eta “oso ondo” gainera. Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira musikaldiaren lehenengo asteburuak izan duen erantzunarekin: “Oso pozik gaude, balorazioa positiboa da guztiz. Erantzun oso ona egon da ikusentzuleen aldetik”.
Guztira, hiru egunetako ikusleak batuz, 500 lagunetik gora elkartu dira Andra Mariaren Zeruratzea Basilikan. Barikuan [uztailak 19] Euskadi Brass taldearen kontzertua egon zen; zapatuan [uztailak 21] Oiasso Kamerataren txanda izan zen, eta domekan [uztailak 21] aldiz, Vocalia Abesbatzarena. Antolatzaileak bereziki pozik geratu dira Vocalia Abesbatzak izan zuen erantzunarekin: “Oso-oso pozik gaude. Ikusleak zutik eta txaloka amaitu zuten, ikusgarria izan zen. Hirurek erakutsi zuten sekulako maila”.
Asteburuan izango diren Gau Modernoetarako ere “aurreikuspen onak” dituzte: “Sarrera asko saldu dira jada, eta saltzen ari dira oraindik”. Etzi [uztailak 25] Aldapeko Basque Latin taldearen txanda izango da, 20:00etan, Ikusgarrin. Musikaldiaren azken egunean berriz, barikuan [uztailak 26] Xahu Quartet igoko da oholtzara, ordu eta toki berean. Sarrerak salgai daude www.itxasoinua.com web orrialdean; sarrerarik geratuko balitz egunean bertan leihatilan ere ipiniko dituzte salgai.