Markina-Xemeingo Udalak kexa aurkeztu du Lekeitiora doan Bizkaibuseko 3512 lineari lotuta
Azken asteetan hainbatetan geratu dira herritarrak 3512 linea ezin hartuta, autobusa beteta zegoelako. Udalak egoera hori aurreikusi daitekeela uste du, eta errefortzuak ipini eta zerbitzua bermatzea eskatu dute Bizkaiko Foru Aldundian.
Markina-Xemeingo Udalak kexa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundian Bizkaibuseko Bilbo-Lekeitio 3512 lineari lotuta. Azaldu dutenez, azken asteetan hainbatetan 3512 linea ezin hartuta geratu dira hainbat herritar, autobusa beteta zegoelako Markina-Xemeingo herriguneko geltokira heltzerako: “Herritar horiek ordubete edo gehiago itxoin behar izan dute, Lekeitiora joateko orduro autobus bakarra dagoelako. Kasu batzuetan, hondartzara doazen gazteak dira, beste garraio alternatibarik ez dutenak; beste batzuetan, ordea, lanera joan behar duten herritarrak dira”.
Hori horrela, udalak eskatu du Markina-Xemeingo bidaiariei Lekeitioko autobus zerbitzurako sarbidea “ezinbestean” bermatzea eta horretarako errefortzuak ipintzea. Era berean, egoera aurreikusi daitekeela uste du udalak, eguraldiaren eraginez uda sasoian erabiltzaile kopurua handitu egiten baita. “Lekeitio gure eskualdeko udalerria izanik, markina-xemeindarren zerbitzu horretarako sarbide eskubidea gainerako bizkaitarren parean izan beharko lukete, eta une horretan ez da gertatzen”, adierazi dute udaleko ordezkariek.