Eguzkik Ondarroako portuko isurketa salatu du
Inolako isurketarik gerta ez dadin, beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak hartzeko eskatu du Lea-Artibaiko Eguzkik.
Pasa den astean Ondarroako portuan egon zen isurketa salatu du Lea-Artibaiko Eguzkik, arrantza-ontzien konponketak, egokitzapenak eta pintaketak egiten diren lekuan izan zen isurketa. “Egiten ari diren ikerketen emaitzen zain gaude, baina esan dezakegu isurketa hori egun horretan gurdi gainera igota zegoen arrantza-ontzi baten pinturaren emaitza dela”.
Portuko uretan kolore gorriko orban bat agertu zela aipatu dute eta momentu horretan gurdira igota zegoen ontzia margotzen zenbiltzatela, eta ontzia, gorri kolorekoa zen. Eguzkiko kideek egoera “larria” dela azpimarratu dute: “Publikoki salatu nahi dugu gure portuan erabateko inpunitatea dagoela. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkar seinalatzen duten bitartean, gasolio-isurketa ugariak daude Ondarroako portuan, inolako ondoriorik gabe. Ezin daiteke onartu aurreko mendeko teknika berdinak erabiltzea gaur egun”. Horrez gain, inolako isurketarik gerta ez dadin “beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak” hartu behar direla azpimarratu du talde ekologistak: “Noiz arte jarraitu behar dugu horrela?”.
Aurretiaz aipatutako administrazioen erantzunkizuna ere erdigunean jarri dute: “Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ingurumen-arloko eginkizunetan herrietako udalek gure portuen etorkizunean paper aktibo eta erabakitzailea izan dezaten ahalbidetu beharko lukete”.