Koloretako alkandorez bete da Mutriku Kuadrillen Egunean
Kuadrillen eguna dute gaurkoan [uztailrak 24] Mutrikun. Bihar [uztailak 25] emango diote amaiera Malen jaiei.
Goi goitik hasi dute gaurkoan Kuadrilla Eguna [uztailak 25] mutrikuarrek, Goiko plaza kolorez betez. Urtero legez, suziria botaz batera hasi dira futbol partidak: bi talde, baloia eta zezen bat. ikuslez inguratuta, plazaren erdigunean jarri dute begirada herritarrek. Goizean euria egin badu ere, eutsi dio eguraldiak, nahiz eta euri arriskuagatik goiz eta arratsaldez egongo den haur parkea Muruaitz frontoira lekualdatu duten. Futbol partiduak amaitu bezain laster atera dira trikitilari eta panderojoleak, Bizixo jai batzordeak antolatutako trikipoteoarekin egunari jarraipena emateko.Â
13:00ak aldera hasi dira kuadrilla desberdinak Beheko plazara jaisten, bazkarirako prestaketa lanekin hasteko eta eguerdian, txosnagunean batu dira, kuadrillen arteko bazkarian. Bazkaloste goxoaren ondoren, TEINK estropadaren iritsiera izan dute mutrikuarrek eta ondoren, sokamuturraren txanda izan da. Herriko kaleetan barrena ibili dira zezenak.Â
Jai giroak ez du etenik izango gaurkoan, 21:00etan Bide Batez erromeria egongo da txosnagunean eta 22:30ean Bulego taldeak hartuko du Goiko plazako oholtza. Ondoren, 00:30ean Bide Batez erromeriak jarraituko du Beheko plazan eta ostean, DJ Kuadri’sekin emango diote amaiera gaurko egunari.Â
Gune Morea. Beheko plazan izango du kokapena Gune Moreak 20:00etatik 00:00 arte. Horrez gain, txosnagunean ere eraso matxisten aurkako protokoloa egongo da. Â
Â