Goiko plaza jendez lepo Mutrikuko Santixo Egunean
Mutrikuko Malen jaiei amaiera eman diote gaur [uztailak 25] Santixo Egunarekin. Paula Arruza Murelagak irabazi du 42. pintura lehiaketako gazteen saria eta Jose Miguel Arranzek nagusiena.
Mutrikuko Malen jaiei amaiera emateko Goiko plazan batu dira gaurkoan [uztailak 25] herritarrak, Okela eta SagarmiƱa txakolin dastatu eta musikak kaleak girotzen zituen bitartean, Santixo Eguna behar bezala ospatzeko. 14:00etan goizean egon den pintura lehiaketako sari banaketa egon da Zabiel Kultur Etxean. 42. edizioa izan da aurtengoa eta lagun ugari bertaratu dira margolarien lanak ikustera.Ā
Bi kategoriatan banatu dituzte sariak, batetik gazteen kategoria egon da, 18 urtera artekoena eta bestetik, helduena. Gazteen artean, Paula Arruza Murelaga ispastertarra izan da irabazlea eta Saioa Elezgarai kultur zinegotziak eman dio saria: 150 euro eta marrazketa materiala. Bigarren kategorian, hiru sailkatu egon dira. Lehen saria Erandiotik etorri den Jose Migel Arranzek eskuratu du eta Ainhize Azpiazu alkateordea izan da garaileari saria emateaz arduratu dena. Garaikurra eta 700 euroko ordainsaria eraman ditu etxera Arranzek. Bigarren sailkatua Jose Reyes izan da, leioarrak 450 euroko saria eta garaikurra eskuratu ditu, Juan Mari Belaustegik eman dizkio. Hirugarren postua Artziniegatik etorri den Fernando Uretak lortu du eta Patxi Urangak eman dizkio 300 euroko ordainsaria eta garaikurra.Ā
Bergarako Beart Elkarteko kideek osatu dute epaimahaia eta behin sariak banatu ostean, parte hartzaile guztientzako janaria egon da udaletxean. Antolatzaileek esan dutenez, abuztuaren 4ra arte egongo da erakusketa Zabiel Kultur Etxean, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.Ā
Arratsalderako ere badute plana mutrikuarrek. 18:00etan Tio Teronen semeak taldearen eskutik Haurreskolariak ikuskizuna egongo da Goiko Plazan eta egunari amaiera emateko 19:00etan bertso saioa egongo da txosnagunean, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Ane Labakaren eskutik.Ā