Hirugarren postua lortu du Kevinth Cardonak Azerbaijaneko kukaña txapelketan
Azerbaijanen lehiatu ondoren abuztuaren 17ko Ondarroako kukaña txapelketan dauka begirada Kevinth Cardonak.
Domekan [uztailak 21] jokatu zuen Azerbaijaneko Kukaña Txapelketa Kevinth Cardona ondarrutarrak eta hirugarren postua lortu zuen. Internet bidez eman zuen izena eta ez zituen parte hartzeko baldintzak irakurri, beraz, bertara heldu zenean oztopo batekin egin zuen topo: “Azerbaijanekoa izatea beharrezkoa zen txapelketan parte hartzeko eta nik ez nekien hori. Beraz, bertara heldu nintzenean esan zidaten ezin nuela txapelketan parte hartu. Mugikorrean nituen bideoak erakutsi nizkien eta horrela utzi zidaten, baina irabaziz gero dirurik ez nuela irabaziko ere azpimarratu zidaten. Ni parte hartzera joan nintzen, esperientziagaz gozatzera eta ez dirua irabaztera”.
19. dortsala eman ostean bere txandaren zain gelditu zen Cardona eta lehenengo bueltan kolpe bat hartu zuela aipatu du, nahiz eta ez zen arduratzeko ezer izan. Bigarren buelta egin arte hiru ordu egon behar izan zen itxaroten: “138 parte hartzaile geunden eta lehenengo bueltan hartu zuen lehen aldiz bandera, 50. dortsala zuenak. Bigarren sailkatuak ere buelta horretan hartu zuen eta hirugarrena nik hartu nuen bigarren bueltan. Hiru orduz itxaron nuen eta joatekotan egon nintzen”. Horrela lortu zuen hirugarren postua Kevinth Cardonak eta nahiz eta dirurik irabazi ez, bandera etxera eramaten utzi zioten, garaikur gisa.
Bidaia honekin bere ametsa bete du Kevinth Cardonak eta orain, hurrengo txapelketetan jarri du begirada: “Duela urte batzuk ez nuen pentsatuko Turkiako eta Azerbaijaneko txapelketetan parte hartuko nuenik. Aurrera begira, Euskal Herriko txapelketa desberdinetan parte hartzea da nire asmoa, Aurrera Kukaña Taldeko kideekin batera”. Zarautz, Getaria eta Ondarroa izango dira Cardonaren hurrengo geltokiak eta herriko txapelketan parte hartzeak sorrarazten dizkion zirrarei buruz ere aritu da: “Beti da berezia herrian lehiatzea, herritarrek ematen duten babesa sekulakoa delako”.
Eskerrak eman nahi izan dizkio Aurrera Kukaña Taldeari, emandako babes eta laguntza guztiagatik. Datorren urteko txapelketetara taldekide guztiak batera joatea litzateke gaztearen ametsa. Horrez gain, Iñigo Martinez futbol jokalariak emandako laguntza guztia eskertu nahi izan dio, “bera izan da ametsa lortzeko baliabideak jarri dizkidana eta oso eskertuta nago, baita ere, Ondarroako Aurrera Kukaña Taldeko nire taldekide guztiekin.”