San Inazio egunarekin batera, badatoz Mendexako San Pedro jaiak
Boleibol txapelketarekin hasi dituzte domekara [abuztuak 4] arte luzatuko diren Mendexako jaiak. Egitarau oparoa antolatu dute beste behin, txapelketak eta kontzertuak izango dira protagonistak. Autobus zerbitzua egongo da gauetan.
Uztaila amaitzear dugun honetan, mendexarrek San Pedro jaiekin emango diote ongi etorri abuztuari. Udalak eta jai batzordeak egitarau luze eta oparoa antolatu dute uztailaren 31tik abuztuaren 4ra.
Ohitura bihurtu da Lekeitioko Marierrota Boleibol taldeak Mendexako jaietan urtero antolatzen duen txapelketa. Goizen goiz hasi dira gaurkoan [uztailak 31] Karraspio hondartzan. Binakako 35 taldetan banatuta, 70 pertsona inguru batu dira goizeko 9.00etan lehiaketa irabazteko prest. Atzokoan [uztailak 30] txiki eta gazteenek egin zuten txapelketa.
12.00etan hasi dira pilota partidak Mendexako frontoian. Kadete mailan Arrizabalaga eta Larrinaga, J. Bengoetxea eta U.Arbizuren aurka. Nagusi maila, aldiz, Beitia eta Madariaga, K.Albizu eta Azpiazuren kontra. 1959a orduko jaiotakoek bazkaria izan dute ondoren.
Arratsaldean, txapelketen txanda izango da. Hasteko, 17:30etik aurrera, briska txapelketa, sari potoloekin: 150 euro irabazlearentzat, 100 euro bigarren sailkatuarentzat, 75 euro hirugarrenarentzat eta 50 euro laugarrenarentzat. Amaitu bezain laster, txapel jaurtitze eta irrintzi txapelketak jokatu dira. Musikarekin esango diote agur San Inazio Egunari, Etxepe, Itzal eta DJ Amatakirekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, autobus zerbitzua egongo da gau osoan Lekeitiotik Mendexaraino.