Amnistia Egunagaz eman diote hasiera ondarrutarrek Andra Mari jaiei
17 postuk osatu dute goizean Mamarra Azoka eta 406 lagun batu dira Plaza Gain herri jantokiko Amnistia Eguneko elkartasun bazkarian.
Nahiz eta eguraldia lagun ez izan gogotsu hasi dituzte Andra Mari jaiak ondarrutarrek Amnistia Egunagaz [abuztuak 14]. Goizeko 11:00etan ireki ditu ateak sortzaile eta artisauen azoka den Mamarra Azokak txosna gunean eta guztira 17 postu desberdin egon dira. Euria dela eta hainbat aldaketa egin ostean, lortu dute txosna batzordeko antolatzaileek postu bakoitzak bere aterpea izatea. Eguerdi aldean, eguzkiaren lehen izpiekin batera hurbildu da jendea plazara. Bitartean, Ondarroako txistulariak izan dira herria girotzeaz arduratu direnak.Â
13:00etan hasi da Ondarroako Sortuk antolatutako mobilizazioa, “Askatasuna” lemapean. Amaieran, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean nahi dituztela aldarrikatuz elkartasun brindisa egin dute, hauen omenez. Honen ostean, Plaza Gain jantoki herritarrean batu dira 406 lagun, elkartasun bazkarian. Giro “paregabea” egon da bazkarian eta Jon Maia eta Haizea Telleria bertsolariek bazkalostea girotu dute herritarrei zuzendutako bertsoekin.Â
Arratsaldean ere ez da planik faltako Ondarroan. 18:00etan hasiko da futbol partidua Zaldupe futbol zelaian, Aurrera K.E. eta Mutriku F.T. izango dira protagonistak. 18:30ean gorputz disidenteen merienda egingo dute Musika Plazan. Horrez gain, 19:00etan bertsosaioa egongo da Itsasaurren eta Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia eta Aitor Bizkarra izango dira oholtzaratuko direnak. 19:00etan hasiko da Luhatz Erromeria Kafeatzean eta 19:45ean “Nik daukat etxetxo bat” txoua egongo da Musika Plazan, Ondarroako artisten eskutik. Pasa den urtean egin zuten lehen aldiz eta oraingoan, bigarrena egingo dute.Â
Gaurkoa egun berezia da ondarrutarrentzat, 00:00etan Kortxeleko Mamuak jaisten baitira, Kotxeletik Plazara. Hauen jaitsieraren ondoren kalejiran batuko dira herritarrak, Alde Zaharrera arte. Behin kalejira amaitu ostean berriro arituko da Luhartz erromeria Kafeatzean eta 1:00ean La Fulana igoko da Musika Plazako oholtza gainera. 03:00etan pantaloi lasterketa egongo da Beikozinatik Musika Plazara eta ondoren, egunari amaiera emateko DJ JUSEFF arduratuko da musika jartzeaz. Â
Eguraldiak ez zuen lagundu atzoko [abuztuak 13] Gazte Egunean. Nahiz eta egunean zehar eguzkia egon, gauean euria egin zuenez, danborrada bertan behera gelditu zen. Horrez gain, Musika Plazako Ballom Frame taldearen kontzertua ere moldatu egin behar izan zuten, eta txosna barrutik aritu ziren rapean.Â
[ARGAZKI GALERIA]