Nerea Egaña izan da Aulestiko V. Argazki Rallyko irabazlea
Musikarekin lotura daukaten gaiak izan dira aurtengoak eta bost pertsonek hartu dute parte. Irabazleak Aulestiko Ainhoa dendan gastatzeko 50 euroko bonoa irabazi du.
Bost bilduma aurkeztu ziren Aulestiko Argazki Rallyaren V. Ediziora eta Lore Bengoetxea eta Nekane Akarregik osatutako epaimahaiak Nerea Egañari eman dio saria, sormenagatik, irudia aurkezterakoan egindako lanketagatik eta jarritako gai guztiak lantzeagatik. Abuztuaren 3an burutu zuten V. Rallya Aulestin, goizean gaiak zehaztu eta gaueko 00:00etarako aurkeztu behar zituzten parte hartzaileek bakoitzaren bildumak. Gaiei dagokienez, musikarekin zerikusia zeukatenak lantzea zen antolatzaileen helburua, urtean zehar egin dituzten ekintza kulturalei jarraipena emateko. Musika, erritmoa, zuria, bidea, dantza, txiruliruli, lau urtaroak, zarata, isiltasuna eta gozamena izan ziren aukeratutako gaiak.
Egañak gai guztiak jorratu ditu argazkietan eta hauen arteko lotura sormen bidez egin du. Betidanik izan du Nerea Egañak argazkilaritzarako zaletasuna eta oraingoan, Aulestin inguruko argazkiak aterata, V. argazki Rallya irabazi du: “Musikaren gaitik haratago ere joan nahi nuen eta horrela landu nituen argazkiak. Esaterako, zaratari dagokionez, Aulestiko bide gorrian ur jauzi bat dago eta horrekin lotu nuen. Eserleku baten argazkia ere jarri nuen, eserleku huts batena. Jendea batzeko tokiak dira eserlekuak baina hutsak ere egoten dira, beraz, isiltasuna horrela islatu nahi izan nuen argazkian. Dantzari dagokionez, etxean nengoenean nire aurrean lorea ikusi nuen dantzan, eta horri atera nion argazkia”.
Nerea Egañak ez zuen espero lehiaketa irabaziko zuenik, eta poz handiz hartu zuen albistea: “Sekulako poza hartu nuen. 50 euroko saria irabazi nuen, Aulestiko Ainhoa dendan gastatzeko, horrelakoak beti datoz ondo!”. Eskertuta adierazi da Egaña eta kulturari bultzada ematearen garrantzia azpimarratu du: “Kulturatik horrelako gauzei indarra ematea oso garrantzitsua da. Gazteei begira zaletasuna sortzeko ere balio dute eta beharrezkoak dira. Eskerrak eman nahi dizkiot Aulestiko Kultura Elkarteari, horrelako gauzak antolatzeagatik”.