Gozatzeko helburuagaz doa finalera Mikel Mantzisidor mutrikuarra
Bihar [abuztuak 17] jokatuko dute Gernika Grand Slameko finala, 21:00etan Jai Alai pilotalekuan.
Bihar jokatuko du Mikel Mantzisidor mutrikuarrak Gernika Jai Alai Grand Slameko finala. Erkiaga lagun duela, Johan eta Lopezen aurka arituko dira buru-belarri Gernikako Jai Alai pilotalekuan, 21:00etan.
Partida zaila izango dela aipatu du Mantzisidorrek baina hala ere, gogotsu dago, gozatzeko prest: “Ez da partida erraza izango, badakigu. Bi faboritoak, Lopez eta Erkiaga iritsi dira finalera eta gu zortez, beraien bikoteak gara. Biak oso onak dira, maila ona erakutsi dute azken urteetan”. Lehenengo partiduan 0-2 irabazi zuen mutrikuarraren taldeak eta bigarrenean, nahiz eta lehia estua izan 2-1 irabazi zuten: “Bigarren partiduan konfiantza gabe hasi baginen ere, geure artean hitz egin ostean lortu genuen buelta eman eta irabaztea”. Hirugarren partidua “gogorra” eta “luzea” izan zela aipatu du Mantzisidorrek, “eutsi egin genion, nire lana pilota ez galtzea zen eta Erkiagari aukerak ematea. Honek, izan zituen aukera guztiak aprobetxatu eta 2-0 irabazi genuen. Horrela heldu gara finalera.
Aurreko partidak ikusita, finalerdietarako tentsio “gehiago” zeukala aipatu du mutrikuarrak, orain, finaleko atarian dagoen honetan, gozatzea da bere helburua: “Finalean gaude, egin dugu egin beharreko lan guztia eta orain, gozatzea tokatzen da, irabaztea ere helburu izanda. Partida aurretik ikusi beharko da nola nagoen, baina momentu honetan, lasaiago nago”.