Odola emateko aukera egongo da Lekeition eta Mutrikun datorren asteburuan
Abuztuaren 23an [barikua] eta 24an [zapatua] Lekeition egongo da odola emateko autobusa eta abuztuaren 23an [barikua] Mutrikuko anbulategian egingo da odol ateraldia.
Odola ematea “erraza, beharrezkoa eta segurua” dela adierazi dute Euskadiko Odol Emaileek eta azken denboraldian, biltegiko odolaren erreserbak “urriak” direla nabarmendu dute. Horregatik, odola ematearen garrantzia azpimarratu eta hurrengo egunetan odola emateko ohiko autobusa egongo den lekuetara hurbiltzeko deia egin dute: “Gure eskualdeetan odola ematea erraza da. Betiko lekuetan, etxe alboan askotan”. Beraz, Lekeition egongo da odola emateko autobusa abuztuaren 23 [barikua] eta 24an [zapatua], goiz eta arratsaldez, 9:30-14:00 bitartean eta 16:30-21:00 bitartean.
Osasun sistema odolaren “beharrizanean” dagoela aipatu du Amagoia L. de Larruzea Zarate Odolkideak. Transplanteak, transfusioak, istripuak, gaixo onkologikoentzat osagaiak… eta gehiagorako ere behar da odola, “gaixotasunetan ez dago etenik udan. Emandako odolaren txanda bategaz hiru bizitza salbatu daitezke”, aipatu du Odolkideak. “Gure gizartea nahiko zahartuta dago eta erretiratzen diren emaileen ordezko besterik ez dago”. Emaile “fidelak” behar direla nabarmendu du, urtean 3-4 aldiz emango dutenak. Biztanleriaren 2,3 baino ez da emailea, eta hori, “ez dela nahikoa” adierazi du Odolkideak. Biltegiaren stocka maila onaren azpitik dagoela azaldu du eta uztaileko datuak erreparatuz, aurreko hilabetetan baino %27 baxuagoa dela.
Mutriku. Mutrikuko anbulategian ere odola emateko aukera egongo da barikuan [abuztuak 23] arratsaldez, 17:00-21:00 bitartean. Txanda hartzeko asteazken eguerdira arteko epea dago @gotanta.eus webgunean edo asteazken eta ostegunean 696 64 79 16 zenbakian. “Azken urteetan beherazko joera izan du eta udaran oraindik eta gehiago. Garrantzitsua da odola ematea, beharrezkoa”.